Pilota partidak, haur jolasak eta betizuak, gaur Ergoien auzoan

Arantxa Azkue eta Rafael Gaztelumendi lezoarrak garaile truk txapelketan. / BASTEROBERRI
Arantxa Azkue eta Rafael Gaztelumendi lezoarrak garaile truk txapelketan. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Gaur amaituko dira Ergoien auzoko festak giro paregabean. Izan ere, asteburu honetan 'sanantoniuk' ospatzen ari dira, Aiako Harriaren magalean. Ostiral gauean, Auzokalte elkartean egin zen Truk txapelketa. Aurten ere ez du huts egin herrian dagoen afizioak eta bikote ugari elkartu ziren Ergoien auzoan sari potoloak lortzeko gogoz.

Irabazle Arantxa Azkue eta Rafael Gaztelumendi bikote lezoarra suertatu zen. Haien atzetik, sailkatu ziren Iñaki Fernandez de Gorostiza eta Joxan Arruti bikotea; Luziana Lasa eta Agustin Pikabea bikotea eta Plemunta eta Lete baserriko bikotea.

Atzokoan, Haurtzaro dantza taldearekin batera aritu zen L'Arboçako (Katalunia) ball de bastons taldea. Oso ikuskizun aparta eskaini zuten biak ala biak, plazan bertan. Gero, herri bazkariak izan zuen estimazio handia. Auzotar gehientsuenak batera etxea utzi eta bazkarira eta tertuliara elkartu ziren Auzokalte elkartean. Auzo giroak eta umoreak bat egin zuten mahaiaren bueltan.

Arratsaldean, Drac de Banyeres del Penedes suzko dragoiaren kalejirak hartu zituen Ergoien auzoko kaleak. Gero, danborradarekin auzo osoa danbor hotsez bete zen. Zuriz jantzita eta danborra soinean, auzotarrak gogor astindu zituzten makilak.

Bertso afariak ere izan zuen jarraitzailerik. Bertsozaleak Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia entzuteko gogoz zeuden, Auzokalte elkartean. Azkenik, Uzi Cuzyrekin goizaldera arte luzatu zen festa.

Auzotar guztientzat

Gaurkoa, berriz, izango da egunik handiena. Goizean Gure Esku Dagok antolatutako giza katean parte hartzera joango dira ergoiendarrak, Oriora. Hortaz, handik itzuli eta eguerdian Amulleta Danborraren Kofradia auzoko giroa alaitzen ibiliko da. 13:00etan, Soinuenea bisitatzeko aukera izango da, doan. Eguerdiko 14:00etan auzotar guztientzat bazkaria zerbitzatuko dute Auzokalte Elkartean auzoko tabernek eskainitako menuekin. (Txartelak Tolare jatetxean salgai egongo dira).

Arratsaldean, berriz, gaztetxoen arteko pilota partidak, haur jolasak, gaztetxoentzako betizuak... ez dira faltako Ergoienen. Azkenik, arratsaldeko 20:00etan zezensuzkoa eta azken suziriarekin ergoiendarrek aurtengo festei emango diete akabera. Azkenik, hilaren 17an, igandearekin, Aitor Txikiren omenez XI. Plater tiraketa egingo da Arkaleko kanpan, goizeko 9:00etan hasita.

 

Fotos

Vídeos