Okil beltza ezagutzeko aukera Arditurrin

Oki beltza ikusteko ibilaldi gidatua burutu zen. /  GOIZARIN
Oki beltza ikusteko ibilaldi gidatua burutu zen. / GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Pasa den igandean, 26 lagun animatu ziren Aiako Harria Natura Parkean okil beltza gertutik ezagutzeko antolatu zen ibilaldian parte hartzera. Izan ere, espezie berezi hau estatu maila Kantauriar mendikatean, Pirinioetan eta Euskal mendietan topa daiteke soilik, eta Aiako Harria Natura Parkean barneratuz gero entzun edo ikus dezakete bisitariek. Parte hartzaileek adi-adi entzun zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko Aitor Lekuona Alzugaray adituaren azalpenak. Izan ere, Habios proiektuaren parte hartzailea gidari ezin hobea izan zen.

Espezie berezi horri buruzko informazio guztia Arditurri parketxeko aretoan eman ostean, ibilaldi labur bat egin zuten espezie hau maiz topa daitekeen guneetara. «Oso ongi ibili ginen. Burutu genuen ibilaldian okilaren kabi batzuk ere topatu genituen ezustean», adierazi du Itxaso Aritzeta Arditurriko parketxeko arduradunak.

Pirinioetan bizi dira Europa hegoaldeko testuinguruko hegazti espezie askoren populaziorik garrantzitsuenak, eta, horrenbestez, horien kontserbazio globala euren bizilekuetako baso masak kudeatzeko eta ustiatzeko moduaren menpe egongo da.

Zaintzeko behar hori da Poctefa Habios proiektua martxan jartzeko arrazoia, bere helburua izanik Pirinioetako mendialdeko ekosistemen kalitatea babestea eta hobetzea, hegazti bioadierazleen espezieak kontserbatzeko ekintzen bitartez (okil beltza, okil ertaina, okil gibelnabarra, basoilarra, eper grisa, lagopodo alpetarra eta ipar mozoloa).

Egitasmoaren helburua da Pirinioetako mendilerroak hartzen dituen lurralde guztiekin lankidetzan aritzea, abifaunaren kontserbazioaren basoko habitaten kudeaketaren efizientzia hobetzeko.