Oihana Irastorza pandero jotzailea hirugarren, Markina-Xemeingo Tritikitixa txapelketan

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den igandean, Markina-Xemeingo frontoian helduen II. Euskal Herriko Trikitixa txapelketan hirugarren postua lortu zuen Oihana Irastorza pandero jotzaile oiartzuarrak, Edurne Iturbe trikitilari urretxuarrarekin batera.

Pozik dago Irastorza Bizkaian egindako lanarekin. «Gure helburua parte hartzea zen eta oso gustura gaude lortutako postuarekin», dio alai. «Aspaldiko partean horrelako jaialdi batean parte hartu gabe nengoen eta nahiko urduri igo nintzen oholtzara, baina emandako urratsaz oso harro nago», nabarmendu du.

Hiruna pieza jo zituzten lehiakide guztiek. «Guk trikitixa, arin arina eta popurria jo genituen». Irastorzak panderoa jotzeaz gain bertsoak abestu zituen. «Neronek sortutako bertsoak ziren». Ergoiendarrak azken urteetan egindako ibilbidea laburtu du bertso horietan. «Bereziki gurasoen babesa eskertu dut, panderoa jotzera zaletu nindutelako».