Oiartzun-Karaez Senidetza Taldeak botako du aurtengo txupinazoa Xanistebanetan

Karaez herrian, senidetza hitzarmena sinatu zen egunean. / GOIZARIN
Karaez herrian, senidetza hitzarmena sinatu zen egunean. / GOIZARIN

25 urte bete dira aurten bi herriak senidetu zirela

GOIZARINOIARTZUN.

Xanistebanetako Festa Batzordeak hala erabakita, Oiartzun-Karaez senidetza taldeak botako du aurtengo txupinazoa. Oiartzungo taldeak Christian Troadec, Karaezko alkatearen esku utziko du ohore hori abuztuaren 2an.

Izan ere, 25 urte bete dira Oiartzun eta Bretainiako Karaez herria senidetu zirela. Urte hauetan bi herrien arteko harremanen zubi izan den taldea omenduko da aurten xanistebanen hasieran. Era berean, Oiartzungo Udalak xanistebanetako kultur ekitaldian, abuztuaren 1ean, Oiartzun eta Karaezen arteko senidetzari espazio berezia egingo dio.

1994an ofizializatu zen senidetza. Jon Iñarra (Herri Batasuna) eta Daniel Coté Karaezko alkateordeak maiatzaren 14ean Oiartzunen sinatu zuten senidetza eta egun batzuk beranduago, Karaezen errepikatu zen ekitaldia.

Urte hauetan, bi herrialdeen arteko harremanaren ispilua izan da Oiartzun eta Karaezen arteko harremana: Karaez-Oiartzun Senidetza Taldeak bidaiak antolatu izan ditu Bretainiara; bretoiak ere behin baino gehiagotan izan dira Oiartzunen; Karaezen ospatzen den Les Vieux Charreus musika jaialdira gonbita jaso du Oiartzungo delegaritzak; Haurtzaro Ikastolako eta Gwissenyko diwaneko ikasleen arteko elkartrukea; iaz Oiartzungo Udalak, Haurtzaro Ikastolak eta Oarsoaldeko AEK Ar Redadeg -bretoieraren aldeko ekimen herrikoia- kilometro bana erosi zuten eta aurtengo Korrikan, Oiartzunen kilometro bat eraman dute Ar Redadegeko ordezkariek.

Karaez herria (Carhaix) Bretainia mendebaldean eta Finisterre departamenduan kokatua dago; Poher eskualdeko burua da. 7.305 bizilaguneko herria zelai eta mendixka artean. Laborantzan ari dira gehienak eta industria eta zerbitzuak ere badaude. Turistikoa ere bada. Soslaia horrekin, alderik alde, Oiartzun herriarekin ederki parekatzen da.

Senidetza Hitzarmena sinatu zen garaian Jean-Pierre Jeudy ezkertiarra zen hango alkatea; Oiartzungoa, berriz, Jon Iñarra zen. Gaur egun Cristian Troadec da hango auzapeza.

Karaez herria ohituta dago senidetza kontuetan. Sei herriekin dago senidetua gaur egun: Alemaniako Waldkappel herriarekin, Irlandako Carrickmacross herriarekin, Erresuma Batuko Dawlish herriarekin, Herbehereetako Rijnwoude, Palestinako El Arroub eta Oiartzunekin.

Gaur egungo Karaez eta Oiartzun ez dira duela 25 urteko berdinak, baina horrelako senidetzak garai hartan bezain garrantzitsuak dira gaur egun ere.

Temas

Jaiak