Oiartzungo museoak bisitatzen, urrutira joan gabe

Luberri museoan Euskal Herriko geologiaren historia ikus daiteke. /  GOIZARIN
Luberri museoan Euskal Herriko geologiaren historia ikus daiteke. / GOIZARIN

Hiru museo daude herrian, zein baino zein ikusgarriagoa

GOIZARIN OIARTZUN.

Nork ez du Louvre museoa bisitatu? Edota Madrilen dagoen Pradoko museoa? Herritik kanpora ateratzen garenean, gustukoa izaten da, beste gauzen artean, bertako museoak ezagutzea. Goya, Picasso, Leonardo da Vinciren artelanak oso ezagunak dira askorentzat. Eta etxean daukagunaz ohartu al gara inoiz? Oiartzungo museoak -Arditurri, Herri Musika eta Luberri museoak- ezagutzen al ditugu?

Horregatik, jarraian, etxean ez geratzeko eta denbora librea ahalik eta gehien aprobetxatzeko aukera batzuk ematen dizkizuegu: Lurraren erraietara bidaia, Arditurrin; herri musika entzun, Ergoien auzoko Soinuenean; eta Euskal Herriko geologia historia gertutik ezagutu, Ergoien auzoko Luberrin.

Lurraren erraietara bidaia

Arditurriko bidegorrian barrena oinez ibiltzea gustuko dugun plana da. Ez baduzu gehiegi nekatu nahi, ordea, kotxez heldu zaitezke Arditurriko Meatze Guneraino, Ergoien auzoan. Bertan, erromatarren garaitik ustiatu den meategi baten barruan sartu ahal izango gara, eta meazuloan egiten den bisita gidatuan erromatar garaiko arrastoak eta orain arte egin diren aurkikuntza arkeologikoak ikusiko ditugu. Meategi barruan tenperatura beti egonkor mantentzen da eta ongi babestuak egongo gara euria egiten badu ere. Bisita Aiako Harri parke naturalaren interpretazio zentroan hasten da eta ondoren meategi barruan jarraitzen du.

Herri musika entzun

Oiartzungo Ergoien auzoan kokatua dagoen museo berezi honek herri musikako instrumentu bilduma handi bat dauka (1.400 baino gehiago) eta baita mundu osoko jostailuak, horietako asko bitrinetan jarrita daude eta gainera audio-gida bisitaren bidez entzun daitezke, edo, nahi izanez gero, aurrez hitzartutako bisita gidatuaren bidez. Horretaz gain, liburutegia, fonoteka eta argazki-artxibategia daukate instrumentu guztiak hobe ikertu ahal izateko eta baita instrumentuak egiteko eta konpontzeko tailerra ere.

Geologia historia ikasiz

Soinuenea eta Arditurri artean, museo honekin aurkituko gara. Luberri museo geologikoak bi gela tematiko ditu: Euskal Herriko geologia historiari buruzkoa lehena eta Oiartzungo bailara eta Aiako Harria parke naturalari buruzkoa bestea. Fosilen bitrinen artean eta panel informatiboei esker, geologiari buruz gehiago ikasi ahal izango dugu. Horretaz gain, guneak laborategia du eta saiakuntza txikiak egin daitezke. Halaber, liburutegian ikerketak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak eta material didaktikoak aurki daitezke.

 

Fotos

Vídeos