Oiartzungo herri sagardoa egingo dute bihar

GOIZARINOIARTZUN.

Pasa den maiatzean ospatu zen 30. Sagardo Eguna Oiar-tzunen. Hogeitahamar urtez ekimena antolatzen aritu den taldeak beste urrats bat egin nahi du: herriko sagardoa ekoiztea, hain zuzen.

Horretarako, lehen hitzordua bihar goizeko 11:00etan jarri du. «Doneztebe plazan elkartuko gara eta animatzen diren herritarrekin Gurutze auzoko Pelu Zahar baserriko sagastira joango gara zurituta dauden sagarrak biltzera», adierazi dute antolatzaileek. Izango dute sagarra ugari, aurten sagar urtea baita.

«Bereziki umeak etortzea nahi dugu, sagardoa egitearen sekretuak bertatik bertara ezagutzeko», gaineratu dute. «Horrelako ekimenekin gaztetxoek disfrutatu dezaten nahi dugu». Sagarrak bildu ondoren, sagarra nola jotzen duten ikusiko dute baserrian bertan.

Bigarren hitzordua urriaren 5ean jarri dute. Lehenengo joaldia egingo dute bildutako sagarrarekin. Gero etorriko da sagardoa botilan sartzea... Azken urratsa, aldiz, 2020ko maiatzean ospatuko den 31. Sagardo Egunean izango da, herriko sagardoa dastatzeko.

«Herritarrak animatu nahi ditugu bereziki. Pelu Zahar baserriko sagastia oso zabala da eta zenbat eta lagun gehiago bildu hobeto jasoko dugu sagarra». Hamaiketakoa ere izango da bertaratzen diren guztientzat. «Arguyu polit batekin amaitu nahi dugu lehen hitzordua».