Oiartzungo haurrek ez dute aspertzeko aukerarik

Elorsoro Kiroldegiko pista puzgarriz bete zuten herenegun. / ARGAZKIAK GARAÑO
Elorsoro Kiroldegiko pista puzgarriz bete zuten herenegun. / ARGAZKIAK GARAÑO

Larunbatean amaituko da gabonetako egitaraua eta familia eta lagunarteko jolasak egingo dituzte

GARAÑO OIARTZUN.

Gabonetako oporrak direla eta Oiartzunen haurrek ez dute etxean egoteko gogorik. Abaraxka Ludotekari esker eskaintza bikaina izan dute eta izaten ari dira opor egun hauetan. 'Abaraxka Ibiltaria' deitu dute eta gehienbat LHko ikasleei zuzenduta daude ekintzak. Gaur arte Erromeria familian eta talo jatea, xakea, Kantu-merendola, Itziar Navarro eta Ane Diezekin... Eta beste hainbat ekintza egin dituzte eta oraindik ere badira gehiago.

Pasa den asteazkenean Kiroldegiko pistan hainbat puzgarri jarri zituzten goiz eta arratsaldez eta oso gustura ibili ziren haurrak. HHkoentzat eta LHkoentzatz zeuden puzgarriak eta jende asko gerturatu zen. Txirristak, pilotak, ohe elastikoa... Aukera anitza izan zuten herriko txikiek.

Atzo Mari eta gaileta fabrika emanaldia izan zen arratsaldeko 17:00etan. Gaur, berriz, buruarinak egiteko tailerra izango da. Abaraxka ludotekan elkartuko dira 17:00etan eta Soinueneakoekin batera buruarinak egingo dituzte. Bigarren saioa izango da, izan ere, aurreko tailer bat egin zuten eta bertan bideo, argazki eta musikaren bitartez buruarinei buruzko informazioa jaso zuten herriko txikienek: noiz erabiltzen diren, zer irudikatzen duten, zein musika dantzatzen duten eta abar.

Azaroa eta martxoa bitartean Soinuenea Fundazioak eta Abaraxka Ludotekak erraldoi eta buruarinak egiteko eta hauek dantzatzen ikasteko tailer ezberdinak antolatuko ditu. Abaraxkakoek aipatu dutenez, herriarentzat sortu nahi dituzte buruarinak eta bide batez, haien musika eta dantzak ezagutu. «Haur eta nerabeak gure folklorean txertatua dauden figura hauek ezagutzeko, egiteko eta dantzatzen ikasteko aukera izango dute». Lan honetan Buruarinak enpresan lan egiten duten kideek lagunduko diete. Beraz, gaur aukera paregabea izango da haurrek nahi bezalako buruarinak diseinatzeko. Bertako hezitzaileek aurreratu dutenez urtarrilean buruarinak sortuko dituzte Oiartzungo herrirako. Izan ere, azken helburua, Oiartzun aldean erraldoi eta buruarin txiki hauekin konpartsa bat sortzea da.

Larunbatean amaituko da gabonetako egitaraua eta familia eta lagunarteko jolasak egingo dituzte. Arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira berriro ludotekan eta bertara gonbidatu nahi dituzte lagunak, familiak...

Elkarrekin jolastu eta gozatzeko aukera bikaina baita. Bide batez, gabonak agurtu eta urte berriari hasiera emateko modu ederra izango da.

 

Fotos

Vídeos