Oiartzungo Euskal Jaia ekitaldi oparoz josia dator

Oiartzun, musikaz blai!. / GOIZARIN
Oiartzun, musikaz blai!. / GOIZARIN

Biharko ekitaldian baserritarrez jantzita parte hartzeko gonbidapena luzatu dute

GOIZARIN OIARTZUN.

Maiatzeko azken larunbatean ospatuko da Oiartzungo Euskal Jaia. Horretarako, Udalaren laguntzarekin 14 eragile elkartu dira eta egun guztiko egitarau berezi eta oparoa josi dute oiartzuar guztientzat,.

Euskal Jaiari bihar goizeko 10:30ean emango zaio hasiera. Herriko dantzari gazteak eta trikitilariak Doneztebe plazatik abiatu eta herriko txokoak alaitzen ibiliko dira, herriko erraldoien konpartsarekin batera. Ordu berean, Kontzejupean eskuz pilota partidak jokatuko dira. Eta 11:30ean, pasaka pilota partida jokatuko dira Kontzejupean.

Eta goizeko egitarauari amaiera emateko, 12:00etan erromeriaren txanda izango da Doneztebe plazan, Patxi eta konpainiaren eskutik.

Arratsalde partean ere izango da zertan gozatua. Esate baterako, herriko gaztetxoentzat Ginkana antolatuko dute DBH 1-DBH 4 bitarteko gaztetxoentzat, arratsaldeko 17:00etan. Haurrentzat, berriz, Euskal Herria plazan izango da hitzordua. Ordu berean, haur jolasak, puzgarriak eta txokolate jatea iragarri dituzte, Euskal Herria plazan; eta Oidultz dultzaina taldea hasiko da Doneztebe plaza inguruko bazterrak girotzen.

Jarraian, 17:45ean, Oiartzungo Olarri Dantza Taldearen ikuskizuna hasiko da Doneztebe plazan. Gero, 18:00etan emango zaio hasiera sagardo dastaketari. XX. edizio honetan, bertsolariak ere ez dira faltako. Bukatzeko, 19:00etan hasita, Ibargain Musika Eskolako ikasleen ikasturte amaierako kontzertua izango da Elorsoro kiroldegian.

Eta eguna borobiltzeko, 20:30etik 21:30era Gabezin taldearekin berbena Doneztebe plazan. Bigarren saioa afaldu ondoren egingo du, 23:30etik 01:30ak bitarte.

Bihar herrian izango den giroa borobiltzeko antolatzaileek baserritarrez jantzita parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. «Festan parte hartzera eta ongi pasatzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak eta baita inguruko herrietakoak ere. Ah! Eta baserritarrez jantzita bada hobe», diote.