Oiartzunen ere txotx garaiari hasiera eman diote

Iturriotz auzoko emakumeak sagardo denboraldiari hasiera ematen Torres baserrian. / GOIZARIN
Iturriotz auzoko emakumeak sagardo denboraldiari hasiera ematen Torres baserrian. / GOIZARIN

GOIZARIN Oiartzun

Olatz Arrieta nazioarteko kazetari ezagunak zabaldu berri du txotx denboraldi berria «Gure Sagardo Berria» esanez, Astigarragan ospatu den uzta berriaren aurkezpenean. Oiartzunen, berriz, hainbesteko ikusmin mediatikorik gabe hasi da txotx garaia. Esate baterako, Iturriotz auzoan dagoen Torres baserrian pasa den larunbatean abiatu zuten sagardoaren denboraldi berria. «Aurten, Iturriotz auzoko emakumeak izan dira protagonista eta haiekin eman diogu hasiera», adierazi du Imanol Barrenetxeak, Torres baserriko semeak.

«Agustina San Sebastianek egin du lehen txotx eta, beraz, bera izan da sagardo berria dastatzen lehendabizikoa», gaineratu du. «Denera 28 lagun elkartu ginen eta giro ederrean abesti zahar pila kantatu genituen, sagardoa edanez. Bapo bazkaldu genuen elkarrekin», zehaztu du.

Hasi da, hortaz, sagardoaren inguruko kultura maite dutenentzat aro erakargarria. Maiatza hasiera bitarte iraungo du.