Oiartzun zeharkatuko du gaur 21. Korrikak

GOIZARIN OIARTZUN.

Oiartzun bailarara gaur iritsiko da 21. Korrika, gaueko 23:45ak aldera. Hortaz, gaur makina bat oiartzuarrek zapatilak jantzi eta euskararen alde korrika egiteko aukera izango du. Errenteriako Fanderiatik Arraguara iritsiko da lekukoa. Handik autopistako biribilgunetik Saltokikora joango da. Gero, Ugaldetxoko futbol zelai pareko errepidetik Matteoko bidegurutzean plaza aldera hartuko du, Isasti, Pikabene pasata. Bertan, plazara sartuko da eta plazatik behera hartuko du, Altzibar aldera. Altzibar auzoko plaza igaro eta Iturriotz aldera joko du, Ugaldetxoraino berriz ere. Matteoko bidegurutzean, oraingoan ordea, Txipito aldera biratuko da eta handik Perurenara, Astigarraga aldera jarraituko du.

Herriko ikastetxeetan egun berezia izango da gaurkoa. Haurtzaro Ikastolan goiza geletan pasako badute ere, Korrikan Gaztean parte hartuko dute gero DBHko ikasleek, eguerdi partean. Arratsaldean, 15:00etatik aurrera Korrika Txikiak girotuko ditu herriko kaleak. Elizaldetik abiatu eta Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo zeharkatuko dituzte.

Gero, 17:00etatik aurrera herriko gazteen eskutik bertsolariak, euskal dantzak eta dantza garaikide ikusteko parada izango da Doneztebe plazan. Jarraian, 19:00etatik aurrera Korrika Gaztea Elizalde auzotik barrena ibiliko da. Eta horren ondoren, afari-merienda girotua egingo da, Ibargain musika eskolaren eskutik.

Hainbat tokitan afariak egingo dira eta Korrika iristen den bitartean, 21:30ean Malen eta Ekainen kontzertua aurreikusi da. Azkenik, 23:00etan beroketa saioa eta Korrika pasa ondoren, Gaztetxean brindisa eta karaokea.