Oiartzun taldeak aurten ere parte hartuko du Gipuzkoako Herriarte Txapelketan

Iazko Oiartzungo txapeldunak, pala atalean. / GOIZARIN
Iazko Oiartzungo txapeldunak, pala atalean. / GOIZARIN

Oiartzuarrak eskuz eta pala motzez eta larruzko paletaz lehiaketan arituko dira maiatzetik aurrera

GOIZARIN OIARTZUN.

Dena prest 2019ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarako. Pasa den apirilaren 16an zozketaren bidez erabaki ziren kanporaketak: 19 herri lehiatuko dira eskuz, 16 paleta gomaz, 8 pala motzez eta larruzko paletaz, eta 4 zesta puntaz. Oiartzungo ordezkariek eskuz eta pala motzez eta larruzko paletaz lehiaketetan hartuko dute parte. Maiatzaren 5eko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuko lehiarekin, eta gainontzeko espezialitateak maiatzaren 12ko jardunaldian abiatuko dira.

Eskuzko pilota lehiaketari dagokionez, Oiartzun maiatzaren 19an hasiko da Astigarraren aurka eta dena ondo joanez gero, finalak ekainaren 29an izango lituzke Atano III pilotalekuan. Pala motzez eta larruzko paletaz lehiaketan, berriz, oiartzuarrak maiatzaren 12an ekingo diote final laurdenetan Ordiziaren aurka eta finalak ekainaren 23an izango lirateke Altzan.

Taldearen palmaresa

Oiartzungo taldeak eskuzko pilota lehiaketan 2013an jantzi zuen lehendabizikoz txapela, Tolosari 2-1 irabazita. Hurrengo urtean, 2014an, txapeldunorde geratu zen Donostiaren aurka, 3-0 galduta. 2018an, berriz, palaz Oiartzungo bikoteek eraman zuten txapela, Errenteria mendean hartuta 2-0.

2013ko finalean Oiartzungo pilotari ordezkariak izan ziren: Zigor Salaberria Mitxelena eta Ekain Etxeberria Leonet, kadete mailan; Andoni Ugalde Muguruza eta Andoni Flores Retegi, jubeniletan eta Mikel Martinez Ubiria eta Ander Imaz Retegi, seniorretan.

Oiartzungo pilotariek Euskal Herriko Esku Pilotako Herriarteko txapelketako finalerako txartela ere lortu zuten 2013an. Uztailaren 25ean, ostegunarekin, jokatu zuten Euskal Herriko Txapelketako finala, Zierbenan. Baina txapeldunorde geratu ziren Iruñak 0-3 irabazita.

Bestalde, 2018an, pala atalean Oiartzunek eraman zuen Gipuzkoako Herriarteko txapela Errenteria-Orereta mendean hartuta. Larruzko paletan 35-31 emaitzarekin irabazi zuen Oiartzungo Juan Ezkerro eta Orkatz Argote Erkizia bikoteak. Pala motzean, berriz, Orkatz Aizpuru Lopez eta Jon Irigoien bikotea izan zen garaile.