Poesia errezitaldia eta lore eskaintza Kontxa Murgia omentzeko
Oiartzungo Udala eta Fato Cultural Daniel Castelao dira antolatzaileak
GOIZARIN
Osteguna, 10 otsaila 2022, 00:03
Kontxa Murgia zena gogora ekarri eta omentzeko indarrak batuko dituzte aurten ere Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelao, Trintxerpeko galiziarren elkarteak. Honela, Euskal Herria eta Galizia lotzen dituen figura historiko honi esker, bi herrialdeen arteko senidetasuna sustatu nahi dute. Izan ere, Kontxa Murgia oiartzuarra Galiziako Rexurdimentoko figura garrantzitsuenetako baten ama izan zen: Manuel M. Murgiarena.
Kontxa Murgia 1807ko otsailaren 29an jaio zen. Gaur egungo Manuel Lekuona biblioteka izandakoa orduan organistaren etxea ere bazen, eta hain zuzen, Domingo Murgia Azkonobieta organistaren eta Maria Phelipa Egaña Lizasoren alaba gazteena izan zen Kontxa Murgia. Bederatzi seme-alabetako lau Oiartzunen jaio ziren. Kontxa haur zela joan zen familia Tolosara bizitzera aitak hango organista plaza lortu zuelako, eta ondoren, arrazoi politikoengatik (liberalak ziren), aita-alabek Galiziara jo zuten 1823an, armada frantsesaren San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioaren ondoren.
1833an jaio zen Manuel M. Murgia, Kontxaren seme zaharrena, gerora Galiziako abertzaletasunaren aitzindaria izan zena; Academia Galegaren sortzaile eta lehenengo presidentea (gure Euskaltzaindiaren parekoa) eta, Rosalia de Castro poeta ezagunaren senarra.
Egitaraua
Bihar, ostirala, poema errezitaldi musikatua izango da euskaraz eta galegoz udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Irakurleak Xose Estevez eta Antton Kazabon izango dira eta musikariak Haizea Lekuona, Oihane Mitxelena eta Edurne Saizar).
Larunbatean omenaldia esakiniko zaio Kontxa Murgiaren jaiotetxean, Manuel Lekuona bibliotekan, eguerdiko 12:00etan.