Oiartzun herria eraberritzen

Irisgarritasuna hobetu nahi dute auzotarrek./KOXKO
Irisgarritasuna hobetu nahi dute auzotarrek. / KOXKO

Udalak lan ugari gauzatu ditu herri osoan, eta gehiago egingo dituela iragarri du

KOXKOOIARTZUN.

Herriko esparru batzuen egoera ikusita, nabari da egokituak edo berrituak izan direla. Aldiz, beste eremu batzuetan berritzeko edo konpontzeko beharra dagoela ikus daiteke. Horretan dabil buru-belarri lanean Oiartzungo Udala, oiartzuarren eskaerak kontuan hartuz, besteak beste, kale, zerbitzu, errepide, argiteria eta hoditeria eraberritzen.

Proiektu azpimarragarrienen artean aurkitzen da jada abian den Arizmendi eraikinaren egokitzapena. Bertan museo bat zabaltzeko asmoa dute. Baita Kultur Etxearen eraikuntza eta Landetxe Plazaren birmoldaketa ere.

Hilabete honetan Ergoiengo Soinuenea museoko fatxada margotu dute. Horrez gain, Arraguako frontoiaren atzealdean itxitura egokitu dute eta, auzo berean, Ganboxa bidean baranda bat ipini dute. Xorrola gelditzen den tokiaren -frontoiaren ondoan- eta Ganboxa bidearen arteko koska gaindituko dituen igogailuaren obra ere bide onetik doa.

Udala pixkanaka herriko argiteria sistema zaharra berritzen ari da. LED sistema izango da aurrerantzean herriko eremu ilunak argituko dituena. Horren erakusle da bidegorria. Uda honetan hasi ziren bidegorriko argiteria ordezkatzen eta lanek urria erdira arte iraungo dutela aurreikusten da. Faseka egiten ari dira lanak, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko bidegorriko erabiltzaileei. Izan ere, lanak egiten ari diren artean bidegorriko bi norantzak ixten dituzte. Altzibartik Iturriotz arteko zatia bukatua dago jada. Bigarren fasean ari dira orain lanean, Gaetxe eta Ugaldetxo arteko bidean, Atamitx bitarte. Hirugarren fasea Ugaldetxon gauzatuko da: Atamitxetik Igerobi bideko bidegurutzea bitarte. Bestalde, bidegorriko seinalizazioa berrituko dute.

Datozen proiektuak

Arestian aipatutako lanez gain badira egiteke dauden ugari. Adibidez, Matteo jatetxetik hasi eta Isasti etxadia amaitzen den tartean aurkitzen den hoditeria guztia eraberrituko dute. Gainera, Talaia poligonoko zorua berrituko dute, beste poligono batzuetako zoruekin batera. Haurtzaro Ikastolako goialdetik Sibeluts kalean barrena Urmendi Haur Eskola arte espaloia eraikiko dute; Ugaldetxoko Astigarraga Bidean ipinitako semaforo berritik Mamut zentro komertzialera bezalaxe. Ibarren ere badute proiektua. Semaforoa ipiniko dute eta bi zebra-bide, gasolindegiko autobus geltokitik etxadira eta etxaditik bidegorriko zubira. Batetik besterako tartean espaloia egingo dute Ibarre etxadiaren aldean.

Era berean, herri-bideak konpontzen jarraituko dute, eta ez zaie asko falta amaitzeko, izan ere, herriko bideen %80a berritu dute azken urteetan.

Iturriotzen urtarrilean, kamioi bat igarotzen ari zela erori zen Araneder zubia ere berreraikitzeko asmoa dute. Halaber, Manuel Lekuona biblioteka kanpotik margotuko dute.