Oiartzun bailara zeharkatu du Korrikaren 21 ekitaldiakx

Euskararen aldeko aldarria daraman lekukoak ez zuen laguntzailerik falta izan .
/ARGAZKIAK: GOIZARIN
Euskararen aldeko aldarria daraman lekukoak ez zuen laguntzailerik falta izan . / ARGAZKIAK: GOIZARIN

Ehundaka euskaltzalek bat egin zuten euskararen aldeko martxarekin, emozioei ezin eutsirik

GOIZARINDVOIARTZUN@HOTMAIL.COM OIARTZUN.

Bederatzigarren egunean iritsi da aurten Korrika Oiartzungo bailarara, inoiz baino indartsuago gainera. Eguraldia lagun, ostiral gauean euskararen aldeko aldarria daraman lekukoak ez zuen laguntzailerik falta herrian barrena egin zuen ibilbidean. Zortzi kilometro eta hogeita bat eskualdatze egin ziren guztira, zein baino zein jendetsuago. Izan ere, oiartzuarrez gainezka zeuden lekuko aldaketa guztiak eta emozioa nabaria zen euskaltzale guztien aurpegietan.

Besteak beste, Aldeguna elkarteko kideek, Niessen enpresako langileek, Haurtzaro Ikastolako Eskuttuneko gaztetxoek, Elizalde Herri Eskolako kideek, Sortu-Ernaik, Oihartzun Guk-ek, Udalak, EH Bilduk, Altzibar auzoko Jai batzordeak, Auzokaltek, Bizardiak, Ttur-Tturrek, Oiartzungo Talde Feministak, Bretainiarrak, Miren Futbito Taldeak, Carrefour enpresako langileak, Gogorzonek, Oarsoaldeko AEK-k, Intxixu AEK-k eta Tajoko langileek eraman zuten lekukoa, euskararen aldeko jarrerak duen irrikaz. Ostiralean Oiartzunen denak ziren Klika zaleak. Eta behin Oiartzundik igarota, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotatik pasa ondoren, Gasteizen bukatuko da Korrikaren 21. edizioa, gaur.

Nolanahi ere, ostiralean izan ziren motorrak berotzeko adinako ekitaldiak bailaran. Urmendi Haur Eskolako ttikiak izan ziren goiztiarrenak, lekukoaren atzetik korrika ibili baitziren ikastolako aurreko aldean. Gero, DBHko ikasleek Korrika Gaztean parte hartu zuten, eguerdi partean. Haiek ere ez zioten huts egin nahi atzoko egunari.

Arratsaldean, berriz, Korrika Txikiak girotu zituen herriko kaleak. Elizaldetik abiatu eta Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo zeharkatu zituen, lekukoa eskutik eskura igarotzen zelarik. Gero, arratsalde partean herriko gaztetxoen eskutik bertsolariak, euskal dantzak, dantza garaikidea... ikusteko parada izan zen Doneztebe plaza, giro bikaina sortuz.

Ilunabarrean, afari-merienda egin zen, Ibargain musika eskolako lagunek girotuta. Era berean, hainbat tokitan herri-afariak burutu ziren: Girizian, Iturriotz auzoko frontoian, baita Kontzejupean ere.

Azkenik, Malen eta Ekainen kontzertuarekin eta zunba saioarekin eman zioten ongietorria Korrikaren 21. edizioari, Oiartzun herriak Klika eginez.

Bretainiarrak Oiartzunen

Karaez herritik propio etorrita, bretainiar talde batek ere parte hartu zuen Korrikako 21. edizioan Oiartzunen. Bretainiarrek 2124. kilometroan eraman zuten lekukoa, Ugaldetxotik barrena.

Aurretik Oiartzungo Udalak, Oiartzun-Karaez Senidetza elkarteko lagunek eta Intxixu AEK euskaltegiko kideek egin zieten ongietorria eta elkarrekin afaldu zuten Girizia elkartean.

Izan ere, pasa den maiatzean Oiartzungo Udalak, Oiartzun-Karaez Senidetza elkarteak, Haurtzaro ikastolak eta Oarsoaldeko AEK-k bretoieraren aldeko lasterketa herrikoian, Ar Redadeg-en, parte hartu zuten lekukoa eramanez, horretarako kilometro bana erosita.