Oiartzuarrak Euskaraldian parte hartzeko prest

Hamaikako kide batzuk aurrean, plazan jendetza bildu zen aurkezpenean. / GARAÑO
Hamaikako kide batzuk aurrean, plazan jendetza bildu zen aurkezpenean. / GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

Euskaraldia Euskal Herriko 350 herritan gauzatuko da azaroaren 23tik abenduaren 3ra, baita Oiartzunen ere. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten plazan ekimena eta aurkezpen guztiz arrakastatsua izan zen. Hasiera ekitaldi hori Doneztebe plazan egin zen eta bildutakoek babesa adierazi zioten Euskaraldiari. Iraitz Mateo bertsolari eta kazetaritza-ikasleak adierazi zuenez, «hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa izango da Euskaraldia». Ekimena zertan datzan azaldu zuen oiartzuar gazteak eta baita bertan parte hartzeko bete beharreko baldintzak ere. Batetik, 16 urte baino gehiago eduki behar dira ete bestetik, euskara ulertzeko gai izatea. Azkenik, Euskaraldia ariketaren protagonistak ahobiziak eta belarriprestak izango direla aipatu zuen.

Ondoren Anton Mendizabalek hartu zuen hitza ahobizien izenean eta ohitura aldaketan eragiteko bide bat bezala ikusten du euskaraldia: Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan bakarrik ez, «ondoren ere lehen hitza euskaraz egiteko eta euskaraz dakien guztiari euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dugu», esan zuen. Belarriprest batek ere parte hartu zuen aurkezpenean, hain zuzen ere Natalia Iglesias euskara ikaslea izango da bat eta 11 egunetan berarekin euskaraz hitz egitera gonbidatu zituen ingurukoak eta «elkarrizketaren edo egoeraren arabera nik euskaraz edo erdaraz erantzungo dut», azaldu zuen.

Iraitz Mateok jarraian ahobizi eta belarriprest izatea zer den adierazi zuen: «Ahobizi edo belarriprest izatea ez dago hizkuntza gaitasunarekin lotuta, jarrerarekin baizik. Euskaraz ongi moldatzen den herritarra belarriprest izan daiteke, eta aldiz, euskaraz ondo moldatzeko bidean dagoenak ahobizi izatea erabaki dezake, euskararekiko hartuko duen konpromiso mailaren arabera».

Oiartzungo Hamaikakoa

Asteazkenean ezin izan zuten Hamaikakoa osatzen duten guztiak agertu, baina Oiartzunek ere baditu Euskaraldiaren enbaxadoreak eta honakoak dira: Olaia Azpiroz; Marisa Gonzalez; Bassiri Hamadi; Ander Imaz; Izaskun Madariaga; Iraitz Mateo; Xabier Martin; Anton Mendizabal; Luix Mitxelena; Sandra Mosquera eta Harkaitz Oliveira.

Izen ematea

Jada izena emateko epea irekita dago eta www.euskaraldia.eus atarian edo ostegunetan Fermiñenen eman daiteke izena Ostegunero Fermiñeneko beheko solairuan ere egongo da horretarako aukera 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos