Ohorezko Erregional taldearen garaipen handia liderraren aurka

Ohorezko Erregional taldeak hartu du mendean Anaitasuna. /  GOIZARIN
Ohorezko Erregional taldeak hartu du mendean Anaitasuna. / GOIZARIN

Hiru puntu gozo eskuratu ditu Anaitasunaren aurka 3-1 nagusitu ondoren

GOIZARIN OIARTZUN.

Festa handia bizitu zen pasa den larunbatean Karla Lekuona zelaian. Etxekoek nagusitasun osoz hartu zuten mendean liderra eta bosgarren koskan daude orain, 41 puntu batuta. Auzmendiren mutilek hasiera-hasieratik hartu zuten jokoaren kontrola eta 21. minuturako aurreratu ziren Eñaut Fernandezen ateko zuloan lehen gola sartuta. Nolanahi ere, liderrak ez zuen etsi nahi eta atsedenaldira joan aurretik berdintzea lortu zuen.

Bigarren zatian, abiadura biziagoa erakutsi zuten etxekoek eta azkoitiarren defentsa eskasari esker 49. minutuan aurreratu ziren berriro Mikel de Albak sartutako golarekin. Hirugarrena Ander Gonzalezek sinatu zuen 67. minutuan, etxekoen gozamenerako. Azken hamabost minutuetan Oiartzungo taldeak gustura jokatu zuen, Anaitasuna antzuaren aldean.

Honako hamaikakoa zelairatu zuen Auzmendik: Igor Orokieta, Urko Etxeberria (Kevin Granda, 87. m.), Beñat Salazar, Eñaut Loperena, Endika Argaiz, Unai Sixto (Iker Sistiaga, 18. m.), Eñaut Fernandez, Mikel De Alba (Xabier Lapazaran, 89. m.), Ander Gonzalez (Iñigo Gonzalez, 73. m.), Pablo Del Pozo eta Mikel Bengoetxea.

Bosgarren koskan dago orain OKEko Ohorezko Erregional taldea, 41 puntu batuta. Datorren asteburuan eskualdeko derbiaren txanda izango da, Allerruren aurka jokatuko baitu, Plazetan. Lezoarrak 15. koskan daude 28 punturekin.

Porrot mingarria Eibarren

OKEko bigarren mailako emakumeek, berriz, 4-3 galdu zuten larunbatean Eibarren aurka, Unbe zelaian. Lehen zatian primeran jokatu zuten Oiartzabalen emakumeek eta bi tantoz aurreratu ziren markagailuan, Maria Granado eta Leire Manterola jokalariei esker. Bigarren zatian, ordea, etxekoen aldaketek min eman zieten eta porrota mingarria jasan behar izan zuten azkenerako, nahiz eta Malen Moran jokalariaren tantoak txikitu haien arteko aldea, 88. minutuan. Hortaz, orain arteko bolada onari agur esan diote oiartzuarrek. Izan ere, azken lau partidatan 8 puntu batuak baitzituzten.

Honako hamaikakoa zelairatu zuen Oiartzabalek, Unben: Leire Rodriguez, Iraide Pejenaute, Nerea Abancens, Udane Olaziregi (Naima Blalet, 76. m.), Maria Granado (Irene Martin, 69. m.), Amaia Iribarren, June Muxika, Leire Manterola (Enara Louvelli, 76. m.), Itsaso Maiza, Malen Moran eta Ane Etxebeste.

Hamazazpi punturekin jarrai-tzen du Oiartzungo emakumeen talde nagusiak. Puntuak batzen jarraitzeko partida aproposa jokatuko du hurrengo igandean 11:30ean Karla Lekuona zelaian San Ignacioren aurka. Gogoratu bizkaitarren aurka lortu zuela denboraldiko lehen garaipena, 1-2 nagusitu ondoren. Partida borrokatua izango da, ezbairik gabe.