Ohorezko Erregional Mailako taldeak gaur ekingo dio denboraldiari

Denboraldiari hasiera emateko prest dago taldea. / GOIZARIN
Denboraldiari hasiera emateko prest dago taldea. / GOIZARIN

Emakumeen 2. Mailako taldeak, berriz, bihar jokatuko du Mulier talde nafarraren aurka, haren etxean

GOIZARINOIARTZUN.

Gaur OKE-ko gizonezkoen talde nagusia Ohorezko Erregional mailako ligan murgilduko da. Jardunaldiko lehen neurketa Karla Lekuona zelaian jokatuko du Amaikak bat taldearen aurka, 15:45etik aurrera.

Emakumeen bigarren mailako taldeak, berriz, Mulier taldea izango du aurkari. Mutil baja zelaian jokatuko duten partida goizeko 12:00etan hasiko da.

Asteburu honetan Oiartzun Kirol Elkarteko beste taldeak ere hasiko dira lanean. Gaur, Ugaldetxon beste lau partida jokatuko dira: goizeko 9:00etan, OHO Haurrak OKE-Hernani; 10:45ean, OHO Kadeteak OKE-Astigarragako M.; goizeko 12:45ean Alebina OKE-Sanse; eta arratsaldeko 15:30ean, Preferentea OKE-Gure Txokoa. Eta bihar oizeko 11:30ean, 1. Kadeteak OKE-Touring.

OKE-k bazkide berriak

Oiartzun Kirol Elkartea dagoeneko buru-belarri lanean ari da 2019-20 denboraldiari begira, eta hainbat erabaki hartu ditu: besteak beste, gaur hasiko den denboraldian 60 euroko kuota aldaketarik gabe mantentzea.

Hortaz, bazkide kopurua handitu nahi du Oiartzun Kirol Elkarteak, «gure jokalariak inoiz baino babestuago senti daitezen. Horretarako, bazkide berriak lortzeko kanpainarekin bat egin eta bazkide egitera animatu nahi ditugu herritarrak».

Hori guztia behar bezala bideratzeko, zuzendaritza batzordeak adierazi du partida jokatzen den denboran kudeatu daitekeela bazkidetza txartela.