Ohitura zaharrak mantenduz, baserritik baserrira

Haurtzaroko DBH4ko talde bat Mamut kanpoaldean jarri zen ikasbidairako dirua biltzen. /  GARAÑO
Haurtzaroko DBH4ko talde bat Mamut kanpoaldean jarri zen ikasbidairako dirua biltzen. / GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

Abenduaren 24a egun sakratua da Euskal Herrian. Oiartzunen etxez etxe kantatzearen ohiturak bizirik darrai oraindik eta txikienetatik hasi eta helduetaraino denak ateratzen dira kantatzen baserritar jantziarekin. Bi ikastetxetako ikasleak goizean egiten dute herriko buelta eta eguerdian denak batera plazan elkartzen dira Olentzero eta Maridomingiri kanta batzuk eskaintzeko.

Auzoetan banatzen dira mailaka horrela herriko etxe eta baserri denak alaituz. Aurten ere plaza jendez bete zen eta sekulako giroa izan zen herriko kaxkoan. Eguraldia ere lagun izan zuten herritarrek eta goiz bikaina pasa zuten. Ondoren bakoitza bere lagun taldean ibiltzen da puska biltzen, bakoitzaren abileziak erakutsiz: kantua, instrumentuak, dantza... Diru askotxo biltzen dute gazteek eta askok diru horrekin gero bazkaldu egiten dute.

Aurten lehen aldiz Iturriozko gazteak ere animatu dira abestera. 20 bat gazte inguru elkartu ziren 24 goizean auzoa kantuz eta dantzaz betetzeko prest. Adierazi dutenez, entseguak ere egin dituzte dena primeran ateratzeko. Auzoaren tamaina ikusirik, traktorean joan ziren iturrioztarrak eta sekulako giroan gainera. Musika, janaria eta edaria ez zuten falta izan eta egunpasa ederra egin zuten. «Traktorea txukun txukun jarri genuen lasto fardoekin eta pankarta batekin ere apaindu genuen». Goizeko 9etan abiatu ziren auzotik eta lehenik, Ozentzioko ermitara joan ziren. Han auzoko patroiari abestu ondoren baserrietako buelta egiten hasi ziren. Gazteek aipatu dutenez baserri askotako jendea asko emozionatu zen, urteak baitziren hain urruti inor joaten ez zela. «Batzuek esan ziguten 35 urtetan ez zela inor azaldu eta oso eskertuak sentitu ginen». Etxe askotan sagardoa eta gazta atera zieten, baita opilak, txokolatea, urdaiazpikoa... Egun osoa ibili ziren trikitixa eta panderoaren laguntzaz Eguberrietako abestiak kantatzen eta 18ak aldera auzora jaitsi ziren bukatze aldera. Hurrengo urtean errepikatuko dutela esan zuten, modu horretan ohitura zaharrak mantentzeko eta jendeari gabon zoriontsuak opatzeko. Hurrengo urtean norbaitek traktorean 25 bat gazte ikusten baditu, badaki iturrioztarrak direla; martxarik ez dute falta behintzat.

 

Fotos

Vídeos