Oarsoaldeko zortzi museoak bisitatzeko sarrera-bonoa prest

GOIZARIN OIARTZUN.

Eskualdeko museoek museo-bono bat diseinatu dute prezio erdian guztiak bisitatu ahal izateko. Errenteriako, Oiartzungo eta Pasaiako museoetara sartzeko aukera ematen du Oarsoaldeko museoen bonoak. Horrela, 12.50€-ren truke, bono horrekin eskualdeko 8 museoetara sartzeko aukera dago, urtebeteko epean. Era horretan, ekipamendu horiek erdi prezioan bisitatu daitezke.

Oarsoaldea eskualdean gai desberdinetako zortzi museo daude: itsaso-kultura, natura, antzinako jantziak, geologia, herri musika, etab. Gure kulturari eta nortasunari balioa emateko lanean dihardute guztiek. Ezinbestekoa da horiek bisitatzea bertako historia hobeto ezagutu eta txikiei ikasitakoak erakusteko.

Bailarako museoak beraien dinamismoagatik bereizten dira, eta antolatzen dituzten tailer, erakusketa eta esperientzien eskaintza maiz aldatzen joaten direnez, edozein unetan kontsumitu daitekeen aisialdi aukera paregabea da. Oarsoaldean bezala, oso leku gutxitan aurki daiteke museo-eskaintza hain zabala. Izan ere, oso kilometro gutxiren barruan, euskal kulturara hurbildu, hau interpretatu eta honekin ikasteko aukera ematen diguten mota anitzeko museoak daude hemen: itsaso-ondarea, herri-musika, janzkera edo eta naturaren inguruan, besteak beste.

Oiartzungo museo

Oiartzun herriari dagokionez, hiru dira eskaintzako museoak. Batetik, Arditurriko Meatze Gunea (Ergoien auzoa), Interpretazio Zentroa eta oinarrizko bisita erromatar garaitik ustiatuak izan diren meategi entzutetsuetan; bestetik, Luberri, Euskal Herriko Geologia Museoa (Ergoien auzoa), Oiartzun bailarako, Oarsoaldeko eta Aiako Harria Parke Naturaleko harri, mineral eta fosilen erakusketa eta, azkenik, Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Ergoien auzoa), Euskal Herriko eta mundu osoko herri musikan erabiltzen diren 400 musika tresnen erakusketa, eta dokumentazio Zentroa.

Oarsoaldeko museoen bonoa Errenteriako eta Pasaiako Turismo Bulegoetan, eta museo parte-hartzaileetan eskura daiteke.