Munduko Pistako Junior Txapelketako zazpigarren postua lortu du Ekain Jimenez oiartzuarrak

Sasoi betean aurkitzen da oiartzuarra./KOXKO
Sasoi betean aurkitzen da oiartzuarra. / KOXKO

Espainiako errekorra hautsi du gainera, bigarren aldiz, 1.02.715 denborarekin oraingo honetan

KOXKOOIARTZUN.

Ekain Jimenez Elizondo, Alemanian, Frankfuten (Oder) izan da azken astean. Bertan lehiatu du Munduko Pistako Junior Txapelketa eta ez da esku hutsik itzuli.

Pasa den hillabetean, Belgikako Gante hirian jokatutako Europako Txapelketan lortu zuen emaitza hobetzeko xedearekin abiatu zen Alemania aldera. Erronka gogorra zen, izan ere, Espainiako errekorra lortu zuen bertan lehen aldiz, hain zuzen, kilometroko erlojuaren aurkako proban. «Munduko txapelketan, Europako txapelketan lortu nuen 5. postura inguratzea soilik, ezinezkoa dela iruditzen zait» zioen Ekainek Alemaniara iritsi zenean.

Baina, huts egin zuen egindako adierazpenetan. Gauzak uste baino hobeto atera zitzaizkion eta postu ederra lortu zuen oiartzuar gazteak.

Igande goizean izan zen sailkapen proban, Europako txapelketan berauk lortutako Espainiako errekorra 1:03.672 hobetzea erdietsi zuen, 1:02.715 denborarekin. Honenbestez, bigarren aldiz bereganatu zuen Espainiako errekorra. Egindako froga bikainaren ondorioz, munduko txapelketako finalera sailkatzea lortu zuen, zuzen-zuzenean.

Helburu nagusia lortu zuen jada, baina oraindik mundu mailan zein postu lortuko zuen erabakitzeke zegoen. Egun berean, arratsaldean, izan zen finala. Azken proba gogorrari aurre egiteko bizikletaren garapena aldatu zuen, beraz, goizeko 53 x 15 tik 50 x 12 ra pasa zuen garapena. Azkarrago joateko asmoz aldatu arren, ezin izan zuen goizeko denbora berdindu eta 1:03.530 denbora egin zuen.

Hala eta guztiz ere, orokorrean, pozik geratu da azken hilabeteetan egindako lanarekin. Europako txapelketan lortutako emaitzekin nahiz munduko txapelketan eskuratutako 7. postuarekin eta Espainiako errekorrarekin.

Aurrerantzean, gogor entrenatzen jarraituko duela adierazi du, irailean Valentzian duen lehiaketan txukun jarduteko. Espainiako Txapelketan lehiatuko da elite mailan eta 23 urte azpiko mailan. Lehiaketa horretan lortutako emaitzen arabera erabakiko du etorkizunean zein modalitatetan parte hartu. Argi du, hala ere, kilometroko erlojupeko frogan lehiatzen jarraitu nahi duela.