'Mugikor bat Kongoren alde', Haurtzarokoen proiektua

Haurtzaroko ikasleak proiektuaren aurkezpenean. /  BASTEROBERRI
Haurtzaroko ikasleak proiektuaren aurkezpenean. / BASTEROBERRI

Erabiltzen ez diren mugikorrak biltzeko kutxak jarri dituzte Haurtzaroko gaztetxoek

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aurten ere, Haurtzaro Ikastolako DBH 3. mailako ikasleek Kongoko gatazkari buruzko proiektu bat garatu dute azken hiru hilekoan. «Gizarte Zientziak irakasgaian Alboan izeneko gobernuz kanpoko erakundearen kanpaina batean parte hartzen ari gara», adierazi dute gaztetxoek. «Kanpaina horren helburua mugikor zaharrak edo erabiltzen ez direnak biltzea da, hauek gordetzen dituzten mineralak birziklatu eta lortutako diruarekin Alboan erakundeak Kongon dituen proiektuak aurrera atera ahal izateko», gaineratu dute.

Izan ere, «Kongon dagoen gatazka, mugikorrak, ordenagailuak... egiteko behar den Coltan izeneko mineralen %80a bertan aurkitzen delako hasi zen. Mineral horren erauzketa eta salerosketa talde armatuen esku dago. Ondorioz, gatazka honek haurren esplotazioa eta langileen esklabotza sustatzen du, urtean 100.000 emakume bortxatzen dituzte, azkeneko 15 urteetan 4.000.000 hildako baino gehiago sortu ditu eta milioika herritarrek euren herrialdea utzi behar izan dute errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartuz», argitu dute Haurtzaroko gaztetxoek.

Erabiltzen ez diren mugikorrak biltzeko kutxak jarri dituzte Haurtzaroko gaztetxoek. «Ikastolan bertan jasotzen ari gara».

Azoka solidarioa

Bestalde, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek lehendabizikoz azoka solidarioa antolatu dute Haurtzaro ikastolan Arnasari, Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteari laguntzeko. Horretarako Ikastola egunean 'Elkartasun azoka' postua jarri zuten, gelan egindako eskulanak, etxetik ekarritako gauzak saltzeko. «Helburua beharra dutenenganako kontzientziazioa lantzea, informa-tzea eta horretan eragitea da, gure hondar alea jarriaz», adierazi dute ikasleek. «Gure nahia arnas eta digestio-aparatuan eragiten duen gaixotasun sendaezina duten pertsonen egoera hobetzea izan da», gaineratu dute. Aurreko asteartean, Haurtzaroko gaztetxoak Arnasa elkarteko kideekin bildu ziren ikastolan eta elkartasun postuan jasotakoa haiei emateko baliatu zuten. «Guztira 398 euro jaso genituen eta hori guztia baliagarria bazaizue, gu oso gustura geratuko gara», esanez eman zieten jasotakoa. Arnasa elkarteko lagunek izugarri estimatu dute ikasleek egindako ekarpena.

 

Fotos

Vídeos