'Matxiyo', Xenpelar bertsolariaren erretratuko modeloa hil da

'Matxiyo', erretratuarekin./
'Matxiyo', erretratuarekin.

GARAÑO OIARTZUN.

Antonio Lekuona Arbelaitz, 'Matxiyo', astelehenean hil zen 86 urterekin. Publikoki oso ezaguna ez izan arren, bere irudia batek baino gehiagok ezagutuko luke. Izan ere, Antonio Valverde 'Ayalde' pintoreak Xenpelarren erretratua egiteko modelotzat hartu zuen Antonio. 1969an margolariak erretratu famatu hura egin zuen Matxiyo aurrean zuela, Xen-pelarren antza eman zionez gero.

Juan Frantzisko Petriarena 'Xenpelar'-en (1835-1869) argazkirik ez dago. Heriotzaren urteurrena zela eta, sariketa bat antolatu zuten eta Ayalde-k parte hartu eta irabazi zuen.

Margolariak bertsoetatik osatua zuen irudiaren arabera, Xenpelar txikia zen, argala, txikia, meharra zen, begi biziak eta bihurri samarrak eta aurpegi kolore «berdexka»; ilun samarra... Hori kontuan izanik, modelo bila hasi zen eta baita aurkitu ere. Igande batean mezetan topatu zuen Matxiyo eta Xenpelarren traza eman zion. Valverdek zera esan zion: «Zu Xenpelar zara!». Matxiyok, harrituta, ezetz esan zion behin eta berriro, baina Ayaldek bere asmoak azaldu zizkion eta lortu zuen Matxiyoren baietza.

Ayaldek ordainduko zion fabrikan huts egiteagatik galdu zuen jornala. Hamabost egunez pintorearen estudiora joan zen eta hantxe egin zuten orain ezagutzen dugun Xenpelarren erretratua. Matxiyok 37 urte zituen garai hartan.