Martxan jarri berriak diren proiektuentzat diru-laguntzak emango ditu berriro Lanbidek

30 urte baino gutxiago dituztenek eta emakumeek kopuru handiagoa izango dute

GARAÑO OIARTZUN.

Autonomo edo Ondasun Erkidegoetako bazkideen proiektu berriek eskaera egin aurretik gauzatu dituzten inbertsioak eta datozen 6 hilabetetan egingo dituzten sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa gastuak diruz laguntzeko eskaera egiteko epea zabalik dago.

Urriaren 4an argitaratu zen Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaileei diruz laguntzeko abian jarri dituen bi programa hauek arautzen dituen ebazpena. Bi kasuetan 15 egun baliodun izango dira eskaera aurkezteko urriaren 5etik hasita.

Hazkuntza ekonomikoa, garapena eta ongizatea bultzatzeko, ezinbestekoak dira ekintzaileak. Horretarako, ekintzaileei beraien prozesuan laguntzea beharrezkoa da. Helburu hau lortzeko asmoz, laguntza hauen deialdia martxan jarri da. Autonomo eta Ondasun Erkidegoetako bazkideek egin ahal izango dituzten eskaerak Lanbideren bulegoetan.

Onuradunek jasoko dituzten diru-laguntzak ondorengoak dira: Aktibo finkoetan egindakoa inbertsioak (gutxienez 5.000 eurokoa izan bada). Onuradun bakoitzak, gehienez ere, 3.500 euro jasoko du (%15 gehiago gaztea bada, eta beste %15 gehiago emakumea bada). Eta datozen 6 hilabetetan egingo diren gastuak (autonomoen kuotak, komunikazio gastuak, web eta sare sozialak, aholkularitza, prestakuntza eta errentamendu gastuak). Onuradun bakoitzak, gehienez ere, 2.500 euro jasoko du (%15 gehiago gaztea bada, eta beste %15 gehiago emakumea bada)

Eskaera aurkeztu nahi duenak, hemen aurki dezake informazio zehatza eta behar duen dokumentazioa: Inbertsioetarako diru-laguntza: http://www.lanbide.euskadi.eus/diru-laguntza/-/diru_laguntza/2018/apei-2018/. Eta gastuetarako diru-laguntza: http://www.lanbide.euskadi.eus/diru-laguntza/-/diru_laguntza/2018/apec_2018/

Enpresa jarduerak sendotzeko diru laguntzari dagokionez, onuraduna enpresari indibiduala edo Ondasun Erkidegoaren kidea izan daiteke. Baldintzak, berriz, honakoak dira: EAEn erroldatua eta bertan bizitzea, enpresa jarduera eta egoitza fiskala ere EAEn izatea, EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, JEZ eta Gizarte Segurantzan alta eman izana 2017ko uztailaren 29a eta 2018ko urriaren 4a bitartean eta diru-laguntzen lerro honen beraren onuradun ez izana aurreko deialdietan.

Zenbatekoari dagokionez, onuradun bakoitzak, gehienez ere, 2.500 euro jasoko du. Zenbateko hori %15ean areagotuko da eskaera aurkezteko unean 19-29 urte baditu eta beste %15ean emakumea bada. Ondasun Erkidegoaren kideen multzorako 6.000 euro izango dira, gehienez.

Gastuak sei hilabetez lagunduko dira diruz, diru-laguntza onartzen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita (autonomoen kuota, aholkularitza, coaching eta errentamenduak) eta 2018ko urriaren 5etik aurrera sortu eta ordaindutakoak (komunikazio gastuak, web, sare-sozial, bannerrak, mantentze-lanak, pluginak eta Facebook, eta prestakuntza-ikastaroak).

Eskaerak aurkezteko eskaera dokumentua bete beharko da eta baita honako dokumentazioa aurkeztu ere: NAN fotokopia, errolda agiria, JEZ alta ziurtagiria, autonomoetako alta eta ondasun Erkidegoaren eraketa dokumentua, hala badagokio. Eskaera egiteko epea urriaren 20an bukatuko da eta laguntza-eskaerak aurkeztutako ordenaren arabera, ebatziko dira aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Proiektuak ezartzeko diru laguntzari dagokionez, berriz, baldintzak antzekoak dira baina honako hauek aldatzen dira: JEZ eta Gizarte Segurantzan alta eman izana 2018ko urtarrilaren 1a eta 2018ko urriaren 4a bitartean; jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa EJZn alta eman aurreko 6 hilabeteetan; Lanbideren aurreko deialdietan IV. eta V. kapituluen onuradun ez izatea.

Zenbatekoari dagokionez, onuradun bakoitzak, gehienez ere, 3.500 euro jasoko du. Zenbateko hori %15ean areagotuko da eskaera aurkezteko unean 19-29 urte baditu eta beste %15ean emakumea bada. Ondasun Erkidegoaren kideen multzorako 10.000 euro izango dira, gehienez.

Eskaerak aurkezteko dokumentazioa ere berdina da baina Inbertsioen plana, diruz lagundu daitezkeen aktibo finkoen araberakoa eta inbertsioen faktura eta ordainketa agiriak ere aurkeztu beharko dira.

Atal honetako laguntza eskaerak ere hilaren 20ra arte jasoko dira eta ebazpenak aurkeztutako ordenaren arabera emango dira.

 

Fotos

Vídeos