Maria Jesus Aranbururi 'Oiartzun 2021' urtekarian elkarrizketa nagusia
GOIZARIN
Oiartzun.
Asteazkena, 1 iraila 2021, 00:28
Uztaileko azken egunetan ikusi zuen argia 'Oiartzun 2021' urtekariak. Orain artekoak bezain mamitsua barrutik, eta koloretsua, ezbairik gabe. Oiartzungo kale, etxe eta bazterrak beste behin ere alaituko dituen urtekari mardula. Aurtengoa 51. edizioa da eta azkeneko urtean herrian gertatutako ekimen–kultural, sozial, kirol arloko...– garrantzitsuenak biltzea eta datozen urteetarako jasota eta dokumentatuta uztea da haren helburua. Izan ere, aurten ere gogotsu lan egin du Urtekari Batzordeak urtebetean herrian aipagarri izan diren oiartzuarrak, taldeak, ekimenak, urteurrenak... biltzeko. Izan ere, Mattin Kazabon, Goiatz Labandibar, Joxan Eizmendi, Jaione Ugaldebere eta Iosune Cousillas Urtekari Batzordeko kideek Oiartzun urtekaria aurrera atera behar zutela argi zuten aurten ere.
1956. urtean jaio zen Oiartzun urtekaria, Santiago Aizarna, Benjamin Alvarez, Adolfo Leibar, Juan Mari Lekuona, Jose Antonio eta Miguel Irigoyen, Julio Barrutieta, Paul Urreolabeitia, Pablo Michelena, Dionisio Martiarena, Ayalde... lagunen lanei esker.
Haiek jarri zuten lehen hitza, garai aski zailetan. Haien meriturik handiena komunikabide hau sortzea izan zen. Eta haien eginahalari jarraipena ematen segitu dute aurten Joxemari Iturriotz, Arantza Lekuona, Inazio Retegi, Izaskun Madariaga, Xose Estevez, Asier Legorburu, Antton Mendizabal, Andone Ubiria, Agustin Mendizabal eta abarren kolaborazioek.
Aurtengoan, Oiartzungo udaletxean jaio zen Maria Jesus Aranburu Arbelaitz andereari egin diote elkarrizketa nagusia. Oiartzungo alaba, Doneztebe plazan jaio eta hezia, horrek haren bizitzan eragin handia izan du. Hemeretzi urterekin hasi zen sasi-maistra moduan lanean Aizate baserrian. Nahiz eta Errenteriako mugan egon, Oiartzungo baserritarren seme-alabak joaten ziren harengana. Egunero-egunero oinez egiten zuen joan-etorria baserriraino, ordubeteko bideari ekinez. Herriko saltsa guztietan sartua egon izan den laguna, kale-kumearen sena barruan du.
Emakume nekaezina, egun hainbat mugimendutan dabil buru-belarri lanean, 'Killirikupe' berdintasunaren aldeko emakumeen elkartean, esate baterako.
Oiartzungo seme-alabak atala
Oiartzungo seme-alabak atalean, berriz, azken urtean zendu diren hainbat herritar nabarmendu dira, hala nola: Iturriotz auzoko Andres Ostolaiz; Karrikako Maritxu Gaztelumendi; Altzibar auzoko Juanito Arozena txistularia; Ergoiengo Epele baserriko Joxe Luis Tapia artzaina eta Ugaldetxon bizi zen Joxeanjel Torres.
Haiekin batera, aurten ere auzoen arteko oreka bilatzen saiatu da Urtekari Batzordea, auzo guztietako herritarrek izan dezaten lekua. Hortaz, Altzibar auzoko Jone Retegi eta Alaia Gaztelumendi; Arraguako Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilleta; Karrikako Nikolas Mitxelena ᾽Otsua᾽; Gurutzeko Joxe Leon Amigorena eta Elizaldeko Maite Paisal izan dira protagonista.
Gai mamitsu eta interesgarriz beteta dator aurtengoan ere Historia atala. Eta bukatzeko, azken urteko albiste aipagarriak jaso dira.