Marea berdeak agurtu zituen xanistebanak

Musikalariek herri bazkaria animatu zuten bere doinuekin./Arizmendi
Musikalariek herri bazkaria animatu zuten bere doinuekin. / Arizmendi

Eguerdian 600 lagunetik gora elkartu ziren Doneztebe plazako Arkume jatean. Jaien azken egunean herritar asko animatu zen kalera irten eta herrian sorturiko giro onaz gozatzera

KOXKOOIARTZUN.

Oiartzuarrek topera bizitu dituzte aurtengo herriko festa nagusiak eta horiek iraun duten bost egunetan hamaika ekitaldi izan dira Oiartzungo kaleetan, eta atzo ere halaxe gertatu zen.

Atzo, Haurren Eguna, Kontzejupean zegoen hitzordua goizean goiz. Esku pilotako finalak jokatu ziren, ikusmin handia sortuz. Gero, 50 gaztetxoren danbor hotsak zabaldu ziren herriko kale nagusietan barrena, musika eta bandera artean. Hogeita hamargarren edizioa zen atzokoa, ez da gutxi. Urtez urte Ergoiengo Festa Batzordeko kideek gogotik lan egiten dute dena dotore atera dadin eta ederki asmatzen dute, bai horixe. Erraldoiek eta Herri Musika Eskolako gaztetek ere kale buelta egin zuten plazatik hasita.

Eguerdian, berriz, marea berde batek hartu zuen festako gunerik garrantzitsuena, Doneztebe plaza. Hantxe 600 lagun baino gehiago bildu ziren bapo bazkaltzera. Ederki gozatu zuten denek urtean behin egiten den festa handi horretan, arkume jatean. Paella eta arkumea jan ondoren, txarangarekin ederki ibili ziren dantzan, herriko kaleetan barrena, umore ona bazter guztietan zabalduz. Ardi Latxa elkarteak ederki asmatu du beste behin ere, antolaketa bikainarekin. Parte hartzaileen merezitako txalo zaparrada jaso zuten ekitaldiaren amaieran.

Amaiera jendetsua

Arratsaldean umeek izan zuten hain gustuko duten parkeaz gozatzeko parada. Mota guztietako jolasetan hartu zuten parte, besteak beste, quad pistan, super jumpingean, sagardotegi mugikorrean. Guztia doan izan zen eta 3 urtetik 14 urte bitarteko haurrak izan ziren bertan. Gainera, indarra berreskuratzeko txokolatada gozo bat izan zuten gaztetxoek.

Bestalde, XXIV. Truk Txapelketa jokatu zen Madalensoro pilotalekuan. Aitor Txiki XII areto futboleko txapelketako finalera ere jende ugari hurreratu zen. Bertaratutako zaleek grin handiz animatu zituzten taldeak.

21:45ean burututako kaleko zine saioari dagokionez, berezia eta polita izan zen. Jendeak eskertu zuen beste gisa bateko ekintza hori antolatu izana.

Gauean, zezensuzkoak argitu zuen plazako iluntasuna. Azkenik, Hiru Bi Band! eta Elizagoien Ahizpak taldeekin aurtengo xanistebanei agur esateko tenorea iritsi zen.

Xanistebanetako azken egunean herritar ugari animatu zen etxetik atera eta festetan parte hartzera. Arratsaldetik, kale guztiak jendez gainezka ikusten ziren, festa giroan. Gauean ere oiartzuarrek ez zuten huts egin eta afaldu ondoren asko eta asko animatu ziren Elizagoien Ahizpak taldearekin dantzan aritzera. Ostiraletik asteartera haur, gaztetxo, gazte eta helduek ederki gozatu dute xanistebanetan. Izan ere, herriko Festa Batzordeak bete-betean asmatu du beste behin ere hain egitarau oparoa prestatuz. Zorionak ematea soilik ez da geratzen. Orain herria, pixkanaka, bere onera etortzen hasiko da: kaleak garbitu, eszenatokiak jaso... Balorazioa egiteko unea ere iritsiko da.