Manuel Lekuona bibliotekak 26 urte beteko ditu

Urte osoan zehar egoten da irekita beheko ikasgela goizetik gauera./
Urte osoan zehar egoten da irekita beheko ikasgela goizetik gauera.

1992ko urriaren 24an inauguratu zen Udal Biblioteka

GARAÑO OIARTZUN.

Udal liburutegia duela 26 urte sortu zen, Jon Iñarra alkate zenean. Inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste: Jon Iñarra alkate jaunak, Maria Jesus Aranburu, kultura diputatu andereak eta Jaione Ugaldebere, kultura zinegotziak.

Hasieratik bere egoitza gaur egungoa izan zen, Donibane kaleko Ospital Zahar deritzon etxean, Errenazimenduko eraikinean. Etxe horretako hiru solairu hartu zituen. Martxan jartzeko lehenengo lanak Ester Casas-ek egin zituen.

Ireki bezain agudo, bi langile hasi ziren bertan lanean: Ana Alvarez eta Enrique Lekuona. Ondoren, beste langile hauek ere aritu dira lanean: Aintzane eta Izaskun Galardi ahizpak. Kontxi Arruti eta Amaia Esnarriaga ere bertan ibili ziren lanean. Liburutegi berriari «Manuel Lekuona» Udal Biblioteka jarri zitzaion izena, «Oiartzungo Seme Kutuna» zenaren omenez.

Liburu eta dokumentuak aukeratzea, katalogatzea sailkatzea eta irakurleen eskura jartzea helburu duen erakundea da gure biblioteka. Gaur ezagutzen dugun erakunde ireki eta erakargarrian bihurtu da. Gaur egun, liburutegia gizartearen jakintza gunea da; liburuak, egunkariak, aldizkariak, filmak, e-reader eta multimediak kontsultatzeko eta mailegatzeko lekua. Gainera, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu: ikasgela eta interneteko sarbidea.

Bibliotekaren antolaketa

Oiartzungo biblioteka horrela antolatuta dago: Lehen solairuan, harrera gunea dago, hau da, informazio puntua da, maileguak hartu eta uzteko tokia. Bertako langileek atsegin handiz liburutegiko antolaketari buruzko galderak, informazioa bilatzeko, liburu bat aurkitzen laguntzeko, prest daude beti. Haur liburutegia ere hortxe dago. Horrela, 0-tik 16 urte arteko erabiltzaile gazteenentzako bildumak daude, norberak zuzenean eskuratzeko. Bideoteka ere badago.

Bigarren solairura igotzeko pasilloan hemeroteka dago, hau da, liburutegiak hartzen dituen aldizkariak, egunkariak eta astekariak jartzen dira erabiltzailearen eskura. Bertan irakurri ahal izateko gune atsegina da.

Bigarren solairuan helduentzako atala dago. Bertan literaturak hartzen du leku nagusia. Ez dira falta narratiba, antzerkia, olerkia, bertsolaritza, saiakera eta biografiak. Hauek dira, hain zuzen, gehien mailegatzen direnak. Erreferentzia atalean, berriz, gai guztietatik zerbait topatuko dugu. Adibidez, sukaldaritza edota psikologiako kontsulta liburuak, historia edota matematikakoak. Solairu honetan topatuko ditugu, bestalde, bidaietarako gidak: mundu osorako eta maileguan eramateko. Liburutegi osoan jendearen esku daude Internet sarera sarbidea duten 4 ordenagailu. Horrez gain, WiFi zerbitzua ere erabilgarri dago, dohainik.

Dohaintzak eskura

Oiartzungo bibliotekak gaur egun hiru bilduma ditu. Lehenengoa, Juan Mari Lekuonaren bilduma. 500 liburu inguruk osatzen dute Juan Mari Lekuonaren biblioteka, gehienak euskal gaiei buruzkoak, eta Manuel Lekuona Bibliotekan gordeta daude, Oiartzungo eus-kaltzainak nahi zuen bezala. Orain, Udal Bibliotekan katalogazio lanak Ana Alvarez, liburuzainak, egingo ditu eta ondare guztia oiartzuar eta euskaltzaleen eskura jarriko da.

Gauza bera egin zuen Udalak Manuel Lekuona zenaren liburutegi pertsonalarekin, horrek ere Oiartzungo herriari dohaintza egin zion eta. On Manuelen liburuekin Mari Jose Eskudero eta Iñaki Arrieta aritu ziren katalogazio lanak egiten. Hirugarrena, berriz, Ramon Zulaika idazlearen bilduma. Leku eskasiarengatik, azken hau Eusko Jaurlaritzak gorde, katalogatu eta zabalduko du.

Nolanahi ere, Ramon Zulaikak osatutako Pio Barojaren bilduma Oiartzunen geldituko da. Aipagarria da Manuel Lekuona, Juan Mari Lekuona eta Ramon Zulaikaren dohaintzak beraien eskuzabaltasunaren seinale direla eta Bibliotekari ematen zioten garrantziaren lekuko.

«Bibliotekak dituen liburuak, DVDak, dena delakoak... inportanteak badira, irakurleak are gehiago. 4.000 inguru ditugu eta denak ezberdinak: ez dago erabiltzaile tiporik: batzuk oso maiz etortzen dira, beste batzuk oso gutxi; batzuk 3 urte, besteak 70; emakumezkoak zein gizonezkoak» azpimarratzen du liburuzainak.

Liburuzainak dio duela hamar urte martxan jarritako zerbitzu batekin oso gustura daudela, ikasgela zerbitzuarekin, hain zuzen ere. Izan ere, beheko solairuan gela bat ireki zen ikasleek bere azterketa garaia ondo prestatu dezaten. Astelehenetik igandera ikasteko giro aproposa jasotzen duen gela da eta zabalik egoten da goizeko 9:00etatik gaueko 22:00ak arte. «Primeran funtzionatu du eta ikasleek erruz eskertu dute».

Irakurketa Taldea

Liburu bat irakurri eta hilean behin, hura komentatzeko elkartzen den irakurzale taldeak osatzen du Irakurketa Taldea eta hori ere bibliotekan egiten da. Euskara da irakurtzen diren liburuetako eta saio presentzialetako hizkuntza. Irakurketa Taldeak hilero liburu bat irakurtzen du. Ondoren, elkartu eta irakurketari buruzko iritziak trukatzen dituzte. Goiatz Labandibarrek gidatzen ditu saioak.

Liburuak Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Sareak liburutegin artean liburuak trukatzeko sortu duen saretik eskuratzen dira, Irakurketa Taldeko kideen artean banatzeko.

Bertan parte hartzeko nahikoa da Manuel Lekuona bibliotekako harreran Irakurketa Taldean parte hartu nahi duzula esatea.

Hogeita zazpi mila liburu ditu bibliotekak erabilgarri. Baina sarean dagoenez, aukera dago beste bibliotekako liburuak eskuragarri izateko. «Astero-astero eta mezularien bidez Liburutegien Arteko Mailegua egiten dugu guztion funtsak konpartituz erabiltzaileen eskaerak betetzeko. Oraindik ohitura hau ez dago oso errotuta, baina poliki-poliki ari da gorpuzten». Izan ere, 611.935 titulu daude sarean. Urtean zehar ipuin-kontaketak antolatzen dira bibliotekan. Lur Korta eta Pello Añorga dira ipuin kontalari adituak.

Astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez dago irekita, 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, berriz, 9:00etatik 13:00etara.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos