Lurdes Oiartzabal eta Martxel Bereau nagusi Intxixu Trail VI. Oiartzungo mendi lasterketan

Intxixu trail taldeak eraman zuen taldeko saria. / GOIZARIN
Intxixu trail taldeak eraman zuen taldeko saria. / GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Intxixu Trail Oiartzungo mendi lasterketaren seigarren edizioa burutu zen pasa den igandean Ergoien auzoan. Eguraldi ona lagun, agian beroegi korrikalarientzat, izena eman zuten 250 korrikalaritik 227k amaitu zuten lasterketa. Beraz, erabat arrakastatsua izan zen.

Korrikalariak 16 kilometroko ibilbidea gainditu eta helmugara iritsi ziren Uztapide/Urtxalle plazan bildu zen jende arteko txalo zaparradaren laguntzarekin.

Gizonezkoen artean, Hondarribiako Martxel Bereau izan zen bizkorrena proba burutzen (1.19.22); bigarrena, Hodei Lujanbio goizuetarra (1.20.37), eta hirugarrena, Bilboko Diego Pascual (1.20.58).

Emakumezkoen artean, berriz, lehena Lezoko Lurdes Oiartzabal izan zen (1.33.06); Oñatiko Ainara Uribarri, bigarren (1.35.39) eta Irungo Alizia Olazabal hirugarren (1.36.56).

Nolanahi ere, igandean Martxel Bereauk eta Lurdes Oiartzabalek ez zituzten irauli iazko edizioan Oihana Kortazarrek eta Gorka Hertzek markatutako errekorrak.

Guztira 35 oiartzuarrek burutu zuten mendi lasterketa eta lehen oiartzuarrak Imanol Arbelaitz (1.30.42) eta Maitane Toledo (1.50.12) izan ziren. Lehen ergoiendarrak ere irabazi zuen bere saria: Aitor Jauregi gazteak (1.46.04) jaso zuen kopa ederra Xabier Izagirreren eskutik. Azkenik, taldeen sailkapenean Intxixu Trail Girizia taldeak eraman zuen lehen saria, 4.10.41 denborarekin.