Loregintza tailerra, asteburuan Torrekuan

GARAÑO OIARTZUN.

Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Idoia Lizeaga Iturralde bitxigile eta loregintzan adituak, Habian! proiektuaren ekitaldien programaren barruan, bi loregintza tailer antolatu dituzte bihar goizeko 11etan eta 17etan Torrekuan, eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du bakoitzak. Tailerra Idoia Lizeaga Iturralde artistak gidatuko du. Idoia, beste hiru bitxigilerekin batera, Habian! Fabrika Kreaktiboa programaren bidez Torrekua eraikinean ari da lanean egun.

Florista profesional gisa bide luzea egin, Land Art instalazioetan (Girona temps de flors, besteak beste) parte hartu eta Escola D'Art Floral de Catalunyan irakasle aritu eta gero, Euskal Herrira itzultzearekin batera, ibilbide berria hasi du Idoia Lizeaga Iturraldek Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza Eskolan, ekitaldien koordinazioaz arduratuz eta ikastaroak emanez Fraisoron bertan eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioan bazkide diren lore-saltzaileei (Donostiako Boulevard-eko kioskoaren dekorazioa; Lorearen eta Landarearen Merkatuaren baitan Tolosako San Francisco pasealekuan zintzilikako dekorazioa). Idoia bitxigilea da, natura da bere inspirazio iturri eta loregintza artearekin naturarekin lotura bilatzen du, eta zergatik ez, soinean eraman.

Ikastaroak burutzen ditu sektoreko profesional zein afizionatuentzat (Zinemaldia, Lur Kolektiboarekin; 'Sagaruzta' eta 'Maiatza loretan' Sagardun, Astigarragako Sagardoaren Museoaren eskutik).

Ezaguerarik ez dutenentzat

Hilaren 15ean Torrekuan egingo diren tailerretan, parte-hartzaileak 'kokedama' (goroldio-bola) egiteko teknika, materialak eta egiteko modua ezagutzeko aukera izango du. Goroldioan bildutako landarea izango da, zintzilik jartzeko prestatua. Hasteko materialak aztertu eta lurra prestatuko da, gero buztinezko azala prestatuko da eta goroldioa lotuko zaio landareari, eta bukatzeko, eusteko sistema prestatuko da.

Tailerrak ezaguerarik ez duten helduentzat dira (edo 12 urtetik gorakoentzat) eta gehienez 10 parte-hartzaile izango dira saio bakoi-tzeko. Kobratuko den prezioa 30 eurokoa izango da laguneko.

Julen Mendoza, Errenteriako alkateak adierazi duenez, «Habian! proiektuaren bidez Errenteria eta Oarsoaldeko ekonomia eraldatu nahi da, sorkuntzan eta elkarlanean oinarritutako eredu batean bihurtzeko». Horretarako bi haztegi jarri dira martxan: Habian! Fabrika Kreaktiboa, eta Habian! Teknologia Kreaktiboa. Teknologia berrietan, artisautzan edo bestelako ofizio sortzaileetan oinarritutako proiektuekin datozen ekintzaileei laguntza zerbitzua eta jarduera bertan garatzeko espazioa eskaintzen zaizkie. Tailer honen bidez, arte diziplina hau herritarrarengana gerturatu nahi da, beraiek sortutako dekorazio elementu bat etxera eramateko aukera emanez.

Izena emateko lehenengo erreserba egin behar da habianfabrika@oarsoaldea.eus helbidera idatziz eta epea gaur bukatuko da, edo, bestela, tailerren 20 tokiak betetzen direnean, inskripzio ordena errespetatuz. Zalantzarik izanez gero, 943 49 41 29 telefonora dei daiteke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos