Lehertu dira Xanistebanak

'Agurra' dantzatu zieten zinegotziek asanblada feministe kideei eta ondoren elkarrekin dantzatu dituzte fandangoa eta arin-arina. / ARIZMENDI
'Agurra' dantzatu zieten zinegotziek asanblada feministe kideei eta ondoren elkarrekin dantzatu dituzte fandangoa eta arin-arina. / ARIZMENDI

Atzo suziriarekin hasi zen festa herrian eta gaur Xanisteban eguna izango da

GARAÑO OIARTZUN.

Atzo arratsaldeko 19:30etan eman zitzaien hasiera 2018ko Xanistebanei eta ospakizunak plaza osoa bete zuen. Herenegun, berriz, kultur ekitaldia izan zen festak iragartzeko eta bertan Osasun Pastoralekoak omendu zituzten Urtekaria eta Mugarri aurkeztearekin batera. Alkateak hitz batzuk esan ostean, Ioritz Aizpuru eta Iosune Cousillasek egin zituzten aurkezle lanak. Jendetsua izan zen ekitaldia eta Kartel lehiaketako sari banaketa ere egin zen.

Arraguako Aldeguna elkarteko kideek bota zuten Xanistebanei ekiteko suziria udaletxeko balkoitik, plaza bete zuten lagunen gozamenerako. «Gora Xanistebanak! Gora Oiartzun!» oihuekin lehertu zen festa. Oiartzungo Asanblada feministako kideak ere bertan ziren, haiek izan baitziren sokadantzara gonbidatuak.

Goizean zehar herriko soinu jo-tzaile, txistulari eta musikari gazteen taldeak pregoia egin zuten auzoz auzo Xanistebanak hastera doazela adieraziz. Arratsaldean, txupinaren aurretik Elizalde auzoan egin zuten.

Oiartzungo Asanblada feministako kideak izan ziren sokadantzara gonbidatuak

Eta segidan herriko ttikienen unerik gustukoena; izan ere, herriko erraldoien eta buruhandien kalejirarekin ez du inork huts egiten. Lartaun txistulari taldearen musika soinuekin ederki dantzatu zuten bertaratu zirenek. Buruhandiekin ere korrika saio ederrak egin zituzten haurrek.

Oiartzuarren egun handia

Oiartzunen gaur Xanisteban eguna ospatzen da, herriko zaindariaren eguna. Goizean goizetik hainbat ekitaldi izango dira herrian. Esate baterako, goizeko 07:00etan sokamuturra izan da Madalensoron eta gaupasa eginak zeuden hainbat gazte elkartu dira bertan. Goizean goiz jaiki diren batzuk ere bertan zeuden. 11:00etan, Herri meza nagusia izango da Doneztebe parrokian. Gainera, Lartaungo eta Parrokiako abesbatzak mezan parte hartuko du. Organo-jotzailea, berriz, Begoña Bergaretxe oiartzuarra izango da.

Meza ondorenean, Kontzejupean egiten den urteroko Lartaun txistulari taldearen kontzertu herrikoia izango da. Aurten 43. Kontzertu herrikoia izango da eta euskal doinu, kanta eta dantzetan oinarritutako emanaldia izango da. Gero, Pasaka Eskuz Gipuzkoako IV. Txapelketaren finala jokatuko da Kontzejupean.

Arratsaldean, berriz, Oiartzungo Auzoen Arteko 32. Sokatira txapelketa izango da Madalensoron XXVII. Horrez gain, pilota plaza librean ere izango da Beheko plazan eta bertan, gaztetxoen eta nagusien Joko Garbi partidak izango dira. Bote luzeko partida bat ere bai: Gipuzkoa-Iparralderen aurka. Ezin da ahaztu arratsaldeko 19:30ean Oiartzungo 'Bilera' ederra izango dela Kastroko iturrian. Meakako dultzaineroen eskutik. Gaueko 22:00etan pilota partidak jokatuko dira Madalensoron. Aurten berrikuntza bezala neska profesionalen partidak jarri dituzte. Gaueko eskaintza musikalari dagokionez, 23:00etan Bide Batez trikiti taldeak emanaldia eskainiko du Doneztebe plazan eta Landetxen, aldiz, Koban eta Liher taldeak arituko dira.

Zakar bilketak ordutegia

Hondakinak goizeko 8etatik aurrera atera beharko dituzte bizilagun batzuek. Hilaren 2tik 7ra, xanistebanak direla eta, Elizalde auzoko zenbait kale eta plazatan hondakinen bilketan aldaketak izango dira. Egun horietan, hondakinen bilketa goizez egingo da, 09:00etatik aurrera. Horregatik, egun bakoitzean dagokion hondakin frakzioa 08:00etatik 09:00ak bitarte atera beharko dute bizilagunek.

Hauek izango dira aldaketak izango dituzten kale eta plazak: Donibane, Mendiburu, Putxutxoerreka, Aialde, Kontzejupe, Kontzejuerreka kaleak; Rafael Pikabea kaleko 1, 3, 5, 7 eta 10 zenbakiak eta, Doneztebe, Landetxe, Euskal Herria eta Kaskazuri plazak.

Xorrola eta Taxibusa

Xanistebanak direla eta Xorrolak bere ordutegia luzatuko du. Hain zuzen ere, goizeko 07:10etatik gaueko 22:40etara eskainiko du zerbitzua. Hala ere, anbulatorioko eta Yon Oñatibiako geltokiak Manuel Lekuona biblioteka parera pasatuko dira eta, beraz, bariantean egingo du geltokia. Behin xanistebanak pasatuta, abuztuan goizez emango du zerbitzua Xorrolak 07:10etik 15:10era.

Taxibusari dagokionez, Ergoien, Gurutze eta Karrikako taxibus zerbitzua ere izango da xanistebanetan, egunero ohiko ordutegian. Xanistebanak pasatuta, taxibus zerbitzuak oporrak hartuko ditu abuztuan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos