Larunbatean egun solidarioa 10301 proiektuaren eskutik

GOIZARIN OIARTZUN.

Larunbatean egunik garrantzitsuena izango da 10301 elkartasun keinu proiektuaren baitan. Egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte antolatzaileek. Goizez nahiz arratsaldez, azoka solidarioa ikusteko parada izango da Madalensoro frontoian, Haurtzaro Ikastolako 6. Mailako ikasleen eskutik. Goizeko 11:00etan, lasterketa solidarioa izango da, Haurtzaro Atletismo taldeak antolatuta. «Ez da lehiaketa, guztiok elkarrekin proiektuari babesa emateko egingo dugu korri», nabarmendu dute taldeko kideek.

Gero, 14:00etan familia giroko herri bazkari solidarioa ospatuko da Elorsoro kiroldegian. Tiketak 10 eurotan salgai daude Sorgin tabernan, Kabitxo tabernan eta Kastro tabernan. Paella izango da jateko. «Hamar eurotik, hiru elkartasunerako izango dira», adierazi dute antolatzaileek.

Bazkari legea egin ondoren, bazkaloste musikatua ere iragarri dute antolatzaileek. Endika Loiola eta Lur Gaztelumendi bikoteak, eta Eñaut eta Malen Elizasu anai-arrebek euren kontzertua eskainiko dute.

Festa egunak jarraipena izango du gaueko 23:00etatik aurrera Gaztetxean