Laguntasuna fanfarrea eta Bohas orchestra Herri Musikaren Udako kontzertuan

Giro ederra ziurtatuta dago bihar plazan Laguntasuna fanfarrekoekin./
Giro ederra ziurtatuta dago bihar plazan Laguntasuna fanfarrekoekin.

Bihar izango da Doneztebe Plazan arratsaldeko 18:30etik aurrera; ondoren musikariekin afaria

GARAÑO OIARTZUN.

Soinuenea fundazioak antolatuta bihar izango da Doneztebe plazan urtero egiten duten Udako Kontzertua. Antolatzaileek aipatu dutenez, kontzertua dohainik izango da baina ondoren egongo den afariak 15 euro balioko ditu. Beraz, afarira joateko asmoa duenak lehenbailen erosi beharko ditu sarrerak Kastro tabernan. Afaria Ibargain Kultur, Jolas eta Kirol elkartean izango da.

Laguntasuna fanfarrea Barakaldoko musika taldea da eta 1949an sortu zen Laguntasuna Kultur Elkartearen barruan kokatzen da. Elkarte horren helburua Euskal Kultura Euskal Herrian eta baita handik kanpora ere zabaltzea da. Hainbat modutan egiten dute hori, esate baterako, dantza, musika, abesbatza, erraldoiak... Laguntasuna fanfarreak zuzeneko musikarekin dantza saioa eskaintzen du bere emanaldietan. Emanaldi horien oinarrian Euskal Herriko dantzak daude baina tarteka Europako beste zenbait dantza mota ere sartzen dituzte; hala nola, jolas-dantzak, esku-dantzak, dantzajauziak, polkak, eta sokan, binaka edo lerroan egiten diren dantzak... Elkarteko dantzarien gustuen eta estiloen arabera sortzen dituzte kantuak eta koreografiak ondoren plazan dantzatzeko. Musikariak jotzen duten musika tradizioan sustraituta dago eta erromeria dute oinarri gehienetan. Instrumentuen artean dultzaina, txirula, whistlea... daude. Haien emanaldian dantza maisu batek dinamizatzen du eta ikuslea gonbidatzen du dantzara ateratzera. Laguntasuna fanfarrekoek diotenez, dantzara plazara ateratzeko ez da maila alturik behar, ongi pasatzeko gogoa baizik. Ea nolako erakustaldia ematen duten bihar.

Bohas orchestra, berriz, Gaskoiniako talde bat da eta Bohaires de Gasconha elkartearen adar bat da. Elkartea 1993.urtean sortu zen helburu nagusi batekin: Boha izena hartzen duen Gaskoiniako Landetako xirolarruaren eta haizezko soinu-tresna herrikoi gaskoi guztien erabilpen eta espresioaren garapena. Elkarte honetan bolondresak aritzen dira Gaskoiniako Landetako xirolarrua jotzen, egiten eta erakusten. Tarteka jaialdiren batean ere parte hartu izan dute, hain zuzen ere, uztailaren bukaeran Soustons-en antolatzen duten Festiv'CornemuseS jaialdian. Haien emanaldietan Gaskoinia eta Okzitaniako doinuak biltzen dira. Orkestrakoen iritziz, haien ezaugarri nagusienak polifonia, gaskoiz kantatzea eta dantza elkartu eta partekatuak egitea dira, guzti hori etenik gabe birsortzen den harmonian. Hainbat abesti mota entzun daitezke haien emanaldietan: baladak, abestiak, polkak edo rondoak, taldean eta bikoteka jotzeko piezak.... Jai giroko musika da proposatzen dutena, nagusiki errepertorio herrikoitik eraikitako egitaraua. Abestu, dantzatu eta berriz musikaren inguruan elkartzeko benetako gonbidapena izan nahi du.

Goizetik hasiko da plaza betetzen. Izan ere, Gaskoiniako dantza ikastaro bat ere antolatu dute Soinueneakoek. Eguerdiko 12:00etan izango Kontsejupean da Bohas Orchestrakoen bidez eta Okzintaniako eta Gaskoiniako dantza tradizionalak erakutsiko dituzte.

Giro ederra, beraz, ez da faltako larunbatean Doneztebe plazan. Ea eguraldiak laguntzen duen eta bertaratutakoek musikaz gozatzeko aukera duten.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos