171 lagun Bizardia elkarteak antolaturiko ibilaldi neurtuan

Mendizaleak Bizarain mendian indarrak berritzen. / GOIZARIN
Mendizaleak Bizarain mendian indarrak berritzen. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Eguraldia lagun, 171 lagun bildu ziren igande goizeko 07:30ean Doneztebe plazan Bizardia elkarteak antolaturiko ibilaldia egiteko gogoz. «Azken taldea zortziak pasata abiatu zen», adierazi zuen Jexux Olaizola antolatzaileak. «Oso eguraldi aproposa egin du mendian ibiltzeko, Bizarain menditik ikusten diren parajeaz gozatzeko».

Igande goiza mendian ibiltzeaz gain, argazki ederrak ateratzeko baliatu zuten mendizaleek. San Marko inguruko gunea aproposa zen horretarako. Gainera, Bizardiako kideek hantxe jarri zuten bigarren kontrola eta leku egokia zen atsedena hartzeko, baita aipaturiko argazkiak ateratzeko ere.

Urtero legez, Gurutze auzoan zegoen helmuga, elkartean bertan. «Gehienek zeharkaldia lauzpabost ordutan burutu zuten. Bi emakume iritsi ziren lehendabizi Gurutzeko elkartera. Nolanahi ere, sasoi betean dagoen 70 urteko gizon batek egin zuen azkarren», nabarmendu zuen Olaizolak. Adin guztietako partaideak elkartu baziren ere, «azpimarratzekoa da zazpi urteko gaztetxo batek ere parte hartu zuela».

Aurten 171 lagunek parte hartu zuten ibilaldi neurtuan, horietatik 109 gizonezko eta 62 emakumezko. «Gehienak oiartzuarrak ziren (125); gainontzekoen jatorria askotarikoa izan da aurten: irundarrak, errenteriarrak, lezoarrak, donostiarrak...», argitu zueu Olaizolak. «Aipagarria da Aretxabaletatik, Zumarragatik, Debatik, Azpeitiatik, Sondikatik, edo Bermeotik ere etorri zaizkigula mendizaleak ibilaldia egitera, baita bi argentinar ere».

Aurtengo edizioan Elizalde auzotik abiatu eta Santiago Bidea jarraituz Errenteria aldera jo zuten mendizaleek, Zamalbidetik Txoritokietara jotzeko. Gero, Bizarain izeneko parajera (San Marko) iritsi eta handik Kutarro, Zentolen, Mendin, Arizabalo igaro zituzten, Gurutze auzoan amaitzeko. Bizardia elkarteko kideek azken puntuak irabazi zituzten amaierarako prestatutako gosariarekin.

Edizio arrakastatsua

Urtero hutsik egiten ez duen ibilaldi neurtua -XL. edizioa zen aurtengoa- prestatzen 25-30 lagun aritu ziren aurten. «Aurreko prestakuntza eta egunean bertan egiten den antolaketa gehituz, talde handia mugitzen gara», aitortu du Olaizolak. Edizio arrakastatsua ezbairik gabe. «Datorren urtean berriro etorriko direla esateak jarraitzeko indarra ematen digu», aitortu du Olaizolak. Dagoeneko hasi dira hurrengo ibilaldia prestatzen. Ziur gaude aurtengoa bezain arrakastatsua izango dela.