Kyūdōa Japoniako tradizioko arku-jaurtiketaren praktika

Arkuak prestatzen. / GOIZARIN
Arkuak prestatzen. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteburuan, Oiartzungo Kaburaya Euskal Kyudo Kultur elkarteak antolatuta Kyudoa Japoniako tradizioko arku-jaurtiketa ikastaroa burutu zen Madalensoro pilotalekuan. Maila altuko jardunaldira Valentziatik, Madriletik, Bartzelonatik... etorri ziren parte hartzaileak. Euskaldunik ere bazegoen taldean. Maisua, berriz, Belgikatik propio etorria zen.

Arku-tiroaren arte martzial japoniarra da Kyudoa. Eskola eta estilo ezberdinak daude eta arte hau praktikatzen dutenek gomazko arku batekin hasten dira ikasten. Kaburaya elkarteko lagunak igande goizero Elizalde Herri Eskolako frontoian elkartzen dira eta hantxe entrenatzen dute. «Nolanahi ere, asteburu honetan gu ikusle moduan gaude. Izan ere, gure maila oraindik baju xamarra da», adierazi du Miguel Monreal elkarteko kideak.

«Japoniarrak arkuaren ordez suzko armak erabiltzen hasi zirenean, galdu egin zuen indarra kyūdōak, baina Zen fraideei esker gorde da, kontzentrazio-ariketa gisa. Kyūdōan 2,3 metro inguruko arku asimetriko bat erabiltzen da, banbuz, masustondo-zurez eta kalamuz egina», gaineratu du. «Zortzi pauso edo mugimendu nagusi dira kyūdōan, arkulariak guztiak jarraian, mugimendu bakarra egingo balu bezala, egin behar dituenak», zehaztu du.

Gaur egun kyūdō-eskola ugari da Japonian eta Euskal Herrira ere zabaltzen hasia da.