Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Programa guztia www.oiartzun.eus-en dago eskuragarri. SOLFA

Kulturabirusak kultur ekitaldiak ekarriko ditu udan zehar Oiartzunera

Uztaileko asteburu guztietan izango da zertaz gozatua herrigunean eta auzoetan

SOLFA

oiartzun.

Larunbata, 4 uztaila 2020, 00:19

Comenta

Aurtengo uda berezia izango dela denok dakigu. COVID19ak eragin duen osasun larrialdi egoera dela, udako ohiko kultur jarduerak (auzoetako festak, xanistebanak...) bertan behera geratu dira, jende pilaketak saihesteko helburuarekin. Hala ere, Oiartzungo Udalak ez du nahi hori oiartzuarrek kulturaz gozatzeko eta, kultur eragile eta sortzaileek euren lana erakusteko oztopo izatea.

Horregatik, herriko eragile eta sortzaileen laguntzarekin, jada hasi den Kulturabirusa zikloa osatu du Udalak. Uztaileko asteburu guztietan izango da zertaz gozatua Oiartzunen. Abuztuan ere izango dira zenbait ekintza. Aurrerago emango da horien berri.

Emanaldiak

Antolatu diren ekitaldietan herriko kultur eragileek plaza izango dute egiten dutena erakusteko: Lartaun abesbatzak, Oiartzungo Flauta taldeak, Organozaleek... saioak eskainiko dituzte. Batzuk urteroko hitzorduak izango dira (Lartaun abesbatzarena edo Harri Beltzarena), eta beste batzuk, saio bereziak.

Horrez gain, garrantzia berezia eman nahi izan zaie herriko sortzaileei. Horrela, Hirutan biñaka zirkuitua antolatu da: aldi berean hiru gunetan saioak izango dira eta ikusleak batetik bestera joango dira, ordu laurden inguruko hiru saio motzez gozatuz: poesia, dantza, musika, antzerkia, ilustrazioak....

Horrez gain, 'Erakusleiho ARTEan' erakusketa egongo da bi astez (hilaren 17tik 31ra) herriko komertzioetan. Herriko artista plastikoen lanak erakutsiko dira herrigune establezimendu txikietan. Eider Bergaretxe artearen historialariarekin bisita gidatuak egiteko aukera izango da batetik bestera.

Ander Lizarralde eta Unai Muñoaren 'Erik eta Win' emanaldiak ere izango du tartea egitarauaren barruan (berez, apirilean egitekoak ziren emanaldia, baina itxialdiarengatik bertan behera geratu zen). Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen 'Bakean dagoena bakean utzi' bakarrizketa ere itxialditik aterako da Oiartzunen, berriz martxan jarriz.

Herriko musikariek kantu-saioak eskainiko dituzte Kulturabirusaren baitan. Hauetako asko gazteak dira, etorkizuneko sortzaileak. Izan ere, herriko gazteek ere izango dute zertaz gozatua, Biyurrieneak prestatu duten eskaintzarekin.

Kulturarekin lotura zuzena duten emanaldi hauez gain, tailerrak izango dira (sukaldaritza, yoga...) baita haur eta familientzako propio pentsatutako ekimenak (mendi irteera, ipuin kontaketak, ondarea ezagutzeko bisita gidatua...).

Helburua oiartzuarrek kultur disziplina ezberdinez gozatzeko aukera izatea da, baita adin-tarte guztientzako moduko egitaraua eskaintzea.

Ekitaldi gehienak kanpoko eremuan egiteko pentsatu dira: Arizmendi lorategian, eliza ondoan, Ibargain parkean, Haurtzaro Ikastolan, Hipatia lorategian... Hala ere, eguraldi txarra eginez gero toki guztiek izango dute alternatiba estali bat (egitarauan zehaztu dira ordezko tokiak).

Hortaz gain, helburuetako bat auzoetara ere kultur ekitaldiak eramatea izan da. Horrela, auzo ia guztietan izango da emanaldiren bat edo beste: Altzibarren, Arraguan, Ergoienen, Iturriotzen, Karrikan eta Ugaldetxon.

Aldez aurretik txartelak

Ekitaldi guztiak dohainik izango dira. Hala ere, COVID19ak eragindako osasun larrialdi egoeran jende pilaketak saihesteko, jende kopurua mugatua izango da.

Horregatik, herritarrek aldez aurretik txartelak jaso beharko dituzte. Atzotik, Oiartzungo Turismo Bulegoan (Fermiñene etxea) jaso ahal izango dira, astelehenetik igandera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aste bakoitzean aste horretako ekintzetarako txartelak jarriko dira eskuragarri.

Pertsona bakoitzak ekintzako gehienez bi txartel hartzeko aukera izango du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kulturabirusak kultur ekitaldiak ekarriko ditu udan zehar Oiartzunera

Kulturabirusak kultur ekitaldiak ekarriko ditu udan zehar Oiartzunera