Kontxa Murgia zena omendu du Oiartzungo herriak, hemeretzigarrenez

Xosé Esteves eta Iosune Cousillas, lore-eskaintzan. / GOIZARIN
Xosé Esteves eta Iosune Cousillas, lore-eskaintzan. / GOIZARIN

Manuel Martinez Galiziako abertzaleen aitzindariaren ama gogoratu dute, Galeusca ardatz izan delarik

GOIZARIN

Aurten ere Kontxa Murgia Egaña zenari omenaldia egin diote Oiartzungo Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelao elkarteak. Murgia oiartzuarra, Manuel Martinez, Rosalia de Castro poetaren senarra, eta Galiziako abertzaletasunaren aitzindariaren ama izan zen.

Aurtengo ospakizunak hiru egunez luzatu dira, Galeusca ardatz izan delarik. Joan den ostegunean, urtarrilak 31, Oiartzunen bizi den Xosé Estévez historiagileak 'O Galeusca: a rebelión da periferia' izeneko hitzaldia eskaini zuen udal areto nagusian. 1923an hasi eta 1998 bitarte, Galeuscaren historia harilkatu zuen Estevezek, maisuki. «Galeusca edo Galeuzca Galizia, Euskadi eta Katalunia nolabait batzeko proiektu politikoa eta kulturala da. Abiatu bezain laster, XX. mendeko lehenengo laurdenean, egitasmoa Miguel Primo de Riveraren diktadurak eten egin zuen. Ordutik, berpizkunde bat baino gehiago eduki dute, hala kultura arloan nola politikoan. Gaur egun, idazleek eta historialariek bultzatuta, egitasmoak aurrera darrai».

Ostiralean izan zuen jarraipena omenaldiak, Galeuzka poesia errezitalarekin, musikaz lagunduta. Errezitatzen, Antton Kazabon idazlea, Xosé Estévez historiagilea eta Xabier Strubell musikaria izan ziren. Udal aretoan zortzi poema errezitatu zituzten, euskaraz, galegoz eta katalanez. Gabriel Arestiren 'Nire aitaren etxea' poemarekin eman zioten hasiera errezitalari eta ondoren etorri ziren Enrique González Álvarez, Xosé Estévez, Xosé Sesto Lopez, Carles Pi Sunter, Manuel María eta Salvador Espriu olerkarien poemak. Errezitala Antton Kazabonek herriko Xabier Leteri idatzitako olerkiarekin amaitu zuten, Leteren abestien letrak erabiliz idatziriko poemarekin hain zuzen ere. Musikariak ere ez ziren falta ostiraleko ekitaldian: Oihane Mitxelena, esku-soinuaz; Edurne Saizar, pianoaz; eta Haizea Lekuona, flautaz. Musikaz eta poesiaz liluratu zituzten areto nagusian bildutako hamarnaka lagun.

Omenaldi ofiziala

Eta larunbateko omenaldi ofizialarekin amaitu ziren Murgia zenaren aldeko ospakizunak. Arratsaldeko 18:00etan Lartaungo txistulariek eta Donostiako Trisquele Galiziako Etxeko gaita-jotzaile taldeak elkarrekin kontzertua eskaini zuten Murgiaren jaiotetxean, gaur egungo Manuel bibliotekan.

Gero, bibliotekako beheko aretoan Iosune Cousillas Kultura zinegotziak eman zion hasiera saioari bildutakoei ongietorria eskainiz hiru hizkuntzetan, euskaraz, katalanez eta gailegoz. Gero, Kontxa Murgiaren biografia laburbildu zuen. Azkenik, elkartasun keinua egin nahi izan zuen Euskal Herritik Galiziara eta Kataluniara. «Herriek bizirik irauten badute, euren hizkuntza indartsu gordetzen dutelako da. Eutsi, beraz, euskarari, gailegoari eta katalanari, hizt egin eta maitatu!», gaineratu zuen.

Gero, Xosé Estévez Oiartzunen bizi den historialari galiziarrak hartu zuen hitza. Sarrera euskaraz egin bazuen ere, gero gailegoz egin zuen hitzaldi osoa. Nabarmendu zuen aurten Galeusca izan dutela hizpide Kataluniak oso egoera berezia bizi duelako. Gero, Galeuscaren sorreratik gaur egun arte bizitutako pasarte garrantzitsuak ekarri zituen aditzera. Azkenik, Xosé Sesto Lopez poeta galiziarraren poema bat irakurri zuen, Euskadi eta Kataluniari eskainia.

Bukaera aldera, Lartaungo txistulariek 'Gora ta gora Euskadi' jo zuten eta gaita-jotzaileek, Galiziako ereserkia, entzuleek abesten zuten bitartean. Amaitzeko, lore-eskaintza egin zitzaion Kontxa Murgia zenari, bertan jaio zela gogorarazten duen plakaren aurrean.

Hortaz, hemeretzigarrenez Oiartzunen batu dira euskaldunak eta galiziarrak eta aurten elkartu zaizkie katalanak, hiru herrien arteko adiskidetasuna islatuz.