Kongoren aldeko mugikor bilketa arrakastatsua Haurtzaro Ikastolan

Haurtzaroko gaztetxoak oso eskertuak herritarren erantzunarekin. /
Haurtzaroko gaztetxoak oso eskertuak herritarren erantzunarekin.

Alboan izeneko gobernuz kanpoko erakundearen kanpaina batean parte hartu dute DBH3ko ikasleek

GOIZARINOIARTZUN.

Haurtzaro Ikastolako DBH 3. mailako ikasleek Kongoko gatazkari buruzko proiektu bat burutu dute azken hiru hilekoan. «Gizarte Zientziak irakasgaian Alboan izeneko gobernuz kanpoko erakundearen kanpaina batean parte hartu dugu aurten», adierazi du Mariaje Frutos DBH 3. mailako Gizarte Zientzietako irakasleak. «Kanpaina horren helburua mugikor zaharrak edo erabiltzen ez direnak biltzea izan da, hauek gordetzen dituzten mineralak birziklatu eta lortutako diruarekin Alboan erakundeak Kongon dituen proiektuak aurrera atera ahal izateko», gaineratu du.

Izan ere, «Kongon dagoen gatazka, mugikorrak, ordenagailuak... egiteko behar den Coltan izeneko mineralen %80a bertan aurkitzen delako hasi zen. Mineral horren erauzketa eta salerosketa talde armatuen esku dago. Ondorioz, gatazka honek haurren esplotazioa eta langileen esklabotza sustatzen du, urtean 100.000 emakume bortxatzen dituzte, azkeneko 15 urteetan 4.000.000 hildako baino gehiago sortu ditu eta milioika herritarrek euren herrialdea utzi behar izan dute errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartuz», argitu du Oiarbidek.

Erabiltzen ez diren mugikorrak biltzeko kutxak jarri zituzten Haurtzaroko gaztetxoek eta kanpainaren amaieran oso ongi baloratu dute burututako lana, «149 mugikor bildu dituzte». Oso garbi dute ez zutela emaitza hori lortzerik izango ikastolakide eta herritarren parte-hartzerik gabe eta, beraz, haientzat eskerrak luzatu dituzte.

«Jasotako mugikorrak «Alboan» erakundeari emango dizkiogu, haiek mineralak birziklatu eta lortutako diruarekin Kongon dituzten proiektuak aurrera atera ahal izateko», zehaztu du Frutosek.