Uda Kirol eskaintzan izen-ematea zabalik, Elorsoro kiroldegian

37 kirol jarduera izango dira aukeran, horietako 10 Oiartzunen

GOIZARIN OIARTZUN.

Uda Kirol eskaintza prestatu dute eskualdeko lau udalek elkarlanean, aurten ere. Guztira, 37 kirol-jarduera ezberdin izango dituzte aukeran oiartzuarrek eta eskualdeko herritarrek.

Izen-ematea martxan da eta Uda Kirol eskaintzak dirauen bitarte guztian egongo da irekita (irailaren lehen astea arte). Oiartzunen, izen-emateak Elorsoro kiroldegian egingo dira.

Oiartzunen 10 kirol praktikatzeko aukera izango dute 6 eta 12 urte arteko haurrek: Kirol txokoa; padel hastapena; igeriketa; eskalada; street dance; gazte cycling; kick boxing; gimnasia erritmikoa; gimnasia akrobatikoa eta lerro irristaketa.

Ekainaren 24tik uztailaren 28a arte eskainiko dira ekintza horiek Oiartzunen. Ia jarduera guztiak Elorsoro kiroldegian izango dira (gimnasia akrobatikoa eta lerro irristaketa izan ezik; horiek, parkeetan eta bidegorrian-pilotalekuetan izango dira).

Ekintza bakoitzak bere prezioa izango du. Oiartzungo ekintzen kasuan, 29,50 euro eta 63 euro artean.

Eskualdean, 27 jarduera

Oiartzuarrek izango dute aukera eskualdeko beste herrietan antolatutako kirol jardueretan parte hartzeko ere: guztira, beste 27 kirol jarduera eskainiko dira.

Kirol eskaintzaren adin-tartea zabala izango da. Gehienak haur eta gaztetxoentzako (3 urtetatik hasita) eskaintzak izango diren arren, helduentzako ere izango dira jarduerak. 20 eta 85 euro arteko prezioak izango dituzte, jardueraren arabera.

Errenteria, Lezo eta Pasaian antolatutako kirol jardueretan izena emateko aukera ere izango dute oiartzuarrek Elorsoro kiroldegian.

Uda Kirol kanpaina ekainaren 17an hasiko da eta irailaren 8an bukatu.