Katerin Artolak bigarrenez ekarri du txapela etxera

Artolak Ordiziako Euskal Jaietako Aurresku txapelketa irabazi zuen. /
Artolak Ordiziako Euskal Jaietako Aurresku txapelketa irabazi zuen.

Oiartzuarra lehen postuan geratu zen Aurresku Txapelketa Nagusian; Beñat Salegi errenteriarra eta Legazpiko Irati Olaizolaren aurretik

GARAÑO OIARTZUN.

Pasa den asteburuan jokatu zen Ordiziako Euskal Jaietan Aurresku Txapelketa Nagusia eta lehen postua lortu zuen herriko neska gazteak.

Goierriko herriko merkatuan zuten zita Gipuzkoako dantzariek eta 8k hartu zuten parte: 5 emakumezkok eta 3 gizonezkok. Izan ere, aurten lehenengo aldiz, Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa eta Euskadiko soinu zahar txapelketa bateratu eta, partaidetza mistoa izan duen txapelketa jokatu zuten. Honakoak izan ziren parte hartzaileak: Nahia Lopez (Legazpi), Iker Belintxon (Lezo), Beñat Salegi (Errenteria-Orereta), Idoia Narbaiza (Legazpi), Elixabet Larrañaga (Villabona), Asier Rios (Errenteria-Orereta), Katerin Artola (Oiartzun) eta Irati Olaizola (Legazpi). Epaimahaian, berriz, Jose Luis Vallejo, Nahikari Vizuete eta Izar Etxeberria zeuden.

Dantzariek, Ordiziako txistularien eta Aitor Furundarena akordeiolaren laguntzaz, Aurkez aurke (desafioa), soinu zaharra bat (norberak aukeratu behar izan zuen Ehun dukat, Ehun ta bikoa eta Graziana-ren artean) eta Zortzikoa eskaini behar izan zituzten. Txapelketaren antolatzaileak Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Amets Bide taldea izan ziren. Sailkapenari dagokionez, Katerin Artola oiartzuarra lehen postuan geratu zen 301,10 punturekin. Bigarren Beñat Salegi errenteriarra izan zen 294,40 punturekin eta hirugarren Legazpiko Irati Olaizola 266,40 punturekin. Katerinek Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren eta Ordiziako Udalaren trofeoak jaso zituen, txapela, 400 euroko diru saria eta gaztarekin batera. Horrez gain, Patxi Epelde eskulturgilearen lana ere jaso zuen eta herriko udaletxean gordeko da, hurrengo ediziora arte. Beñat Salegirentzat, udalaren trofeoa, 300 euroko diru saria eta gazta izan ziren eta Irati Olaizola legazpiarrak trofeoa, 200 euro eta gazta eraman zituen etxera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos