Karrikatarrek gaur agurtuko dituzte festak

Herri kirol erakustaldi ederra eskaini zuten atzo./
Herri kirol erakustaldi ederra eskaini zuten atzo.

KOXKOOIARTZUN.

Ostegunean hasi ziren Karrikako festak, nekazari giroko festak, eguraldi gorabeheratsuarekin. Ostiralean, XXXII. Truk txapelketa jokatu zuten. 34 bikotek eman zuten izena eta Jabier Aizpuruak eta Jabier Ugaldeberek irabazi zuten.

Atzokoan, XI. Mountain Bike probak izan zuen arrakasta. Txirrindulariz josia zegoen 9:00etan Artaso elkartearen aurreko aldea. 28 kilometroko ibilbidea burutu zuten, herriko mendietan barrena. Ondoren, hamaiketako goxoa dastatu ahal izan zuten Artaso elkartean. Auzoko bazkariak ere lagun asko bildu zituen elkartean, 70 inguru. Han bildutakoen artean saritu zituzten auzoko nagusienak, aspaldiko usadioari jarraituz. Aurten, Anttoni Mitxelena eta Juan Mari Etxebeste izan dira omenduak. Arratsalde partean, XX. Sagardo dastaketak eta herri-kirolek ez zuten hutsik egin, bisitari ugari elkartu zen festa gunean, eguraldi bikaina lagun. Gau partean, plater konbinatuak, ogitartekoak eta gainontzeko jakiak afaldu zituzten auzoko elkartean.

Gaurko egitaraua

Gaur ere izango da zertaz gozatu Karrikan. Goizean, diana, kross txikia eta haur jolasak izango dira. Ondoren, 11:00etan, esku-pilota partida eskainiko dute Leonet anaiek Artaso frontoian. 12:00etan berriz, toka txapelketa. 17:00etan, zezen txikiak eta poniak eta 18:00etan, berriz, zaldi proba egingo dute Imanol Mujika usurbildarrak eta Andoni Mendizabal asteasuarrak. Gauean, zezen suzkoa eta su artifizialak iragarri dituzte.