Borrar
Ederki pasatu zuten gaztetxoek kross txikian. KOXKO
Karrikako Artaso elkarteko kideek Andramari jai bikainak antolatu dituzte

Karrikako Artaso elkarteko kideek Andramari jai bikainak antolatu dituzte

KOXKO

OIARTZUN.

Martes, 20 de agosto 2019, 00:28

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Lau egunez luzatu dira Karrikako festak. Festa biribilak izan dira, parte hartzeari eta giroari dagokionez eta Artaso elkarteko kideak «oso pozik» daude auzotarrek nahiz herritarrek emandako erantzun paregabearekin.

Ostegun goizean lehertu zen festa txupinazoarekin. Jarraian, Haurtzaro Dantza Taldeak dantza-saio ederra eskaini zuen eta gaztetxoen pilota partidak Kontzejupean jokatu ziren euriagatik. Idi dema Jesus Garaiar «Mixiyua»k irabazi zuen, 69 plaza eta zinta batekin. Gaualdean antzerki bikaina eskaini zuten Txiribuelta taldeko kideek, 'Kabaret' izenekoa, 100 pertsonatik gora bildu ziren auzoan.

Ostiralean, XXXII. Truk Txapelketa jokatu zuten. 34 bikotek eman zuten izena eta Jabier Azpiroz eta Jabier Ugaldebere izan ziren txapeldunak.

Larunbat goizean, XI. BTT irteeran 108 txirrindularik hartu zuten parte. Eguraldi paregabea zutela, 28 kilometroko ibilbide ederra osatu zuten. Auzoko bazkarian, auzoko nagusienak Anttoni Mitxelena eta Juan Mari Etxebeste omendu zituzten. Arratsaldean, hamarnaka lagun bildu ziren XX. sagardo dastaketan. 9 baserritako sagardoa dastatu zuten eta tortilla-patata eta txorizo pintxo goxo askiak ere baziren, edateko lanak samurtzeko. 19:00tan herri kirolen txanda izan zen, 'Karrikako etorkizuna munduaren kontra' izenpean. Erakustaldi ederra eman zuten auzoko kirolariek.

Igandean, kirola izan zen protagonista. Euriak ez zuen ekitaldirik zapuztu. Hasteko, 7-12 urte bitarteko haurrek kross txikian parte hartu zuten eta pilota partida jokatu zuten lehengusu artean: Aitor eta Beñat Leonet, Aritz eta Josu Leoneten aurka. 18:00etan, berriz, zaldi proba egin zuten, Imanol Mujikak eta Andoni Mendizabalek. Festei amaiera modu egokian emateko, 23:00etan hasita, su artifizialak eta zezensuzkoa antolatu zituzten.

Antolatzaileek diotenez, «lagun asko gerturatu dira lau egun hauetan Karrikara eta oso pozik gaude. Dena oso ongi atera zaigu eta balorazioa egiteko garaia izango da orain».

Karrikako festak amaiturik, Gurutzek hartuko du jaien lekukoa. Irailaren erdialdean ospatuko dira.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios