Karrika auzoa festetan murgilduta

Dantza-saio bikaina eskaini zuen Haurtzaro dantza taldeak, euriari aurre eginez.
/
Dantza-saio bikaina eskaini zuen Haurtzaro dantza taldeak, euriari aurre eginez.

Atzo jaurti zuten suziria eta gaur atseden hartu ostean, bihar jarraituko dute

KOXKOOIARTZUN.

Atzo goizean lehertu zen festa, jaurtitako suziriaren antzera. Gaur egitarau xaloa izango dute, arratsaldeko zortzietan elkarteratzea egingo dute eta hamarretan, berriz, XXXII. Truk Txapelketa. Ordu berean itxiko da izen emateko epea.

Egitarau anitza izan zen atzokoa, izan ere, denetik izan zen Oiartzungo auzo berezi honetan. Hasteko, goiz eresia eskaini zuten Lartaun txistulari taldekoek, musika alaiak festak hurbil zirela ohartarazi zuen. 10:30ean, suziria lehertu bezala, kalejira egin zuten; buruhaundien korrika saioak ere ez ziren faltatu. Jarraian, meza egin zuten.

Esangura handia izan zuen 11:30etako dantza saioak. Haurtzaro dantza taldeak saio bikaina eskaini zuen, euriak ezin izan zuen ikuskizuna zapuztu. Eszenatokian, frontoian eta elkartean dantzaldi ezberdinak eskaini zituzten. Pilotari gaztetxoek ere partida entretenigarriak jokatu zituzten, baina ez auzoko frontoian. Euria zela eta, Oiartzungo plazako Kontzejupe frontoian jokatu ziren partidak.

Idi-dema 17:45etan hasi zen. Irabazlea Garayar (Mixiyua) izan zen: 69 plaza, zinta 1 eta 4,42cm; bigarren, Patxi illarreta: 51 plaza 2 zinta ta 1,54 cm; eta hirugarren Matxain: 65 plaza, 3 zinta ta 96cm.

Gazteen Antzerki Eskolako Txiribuelta antzerki taldeak 'Kabaret' antzeztu zuen frontoiko eszenatokian, 22:30ean. Ikusmina sortu zuen taldeak eta 100 lagun bildu ziren gutxi gorabehera. Lur Kortak zuzentzen duen taldea oso bide onetik ari da lanean. Hamar bat gazte igo ziren oholtzara eta freskotasun handiko antzezlana eskaini zuten, beti ere kabaret klasiko batean egiten diren ikuskizunak interpretatuz, magia, abestiak, malabareak, dantza eta bakarrizketak uztartuz.

Biharko ere egitarau oparoa prestatu dute Karrikako festa batzordeko kideek .