Kale ekintza saio bereziak Aste Santurako, Abaraxka ludotekaren eskutik

GOIZARIN OIARTZUN.

Aste Santuko oporretarako kale ekintza saio bereziak antolatu ditu Abaraxka udal ludotekak. Atzo, hilak 15, hasi ziren egitarau oparoarekin. Abaraxkako plaza koloreztatzen hasi ziren eta gaur eta bihar horretan jardungo dute herriko gaztetxoek, hain zuzen.

Hilaren 23an, berriz, ipuin kontaketa izango da Maite Francoren eskutik. Hiru eta bost urte bitarteko haurrek dute hitzordua, ludotekan.

Hurrengo egunean, hilaren 24an, munduko jolasak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute herriko gaztetxoek. Eta hilaren 25ean San Esteban parrokiako atarian elkartu ondoren, «barrura sartu eta bisitan zehar bertako organoa ikusi eta entzuteko aukera izango dugu», zehaztu dute antolatzaileek.

Hilaren 26an, Oiartzungo ibaiara joango dira harriak biltzera. Gero, ludotekan bertan margotuko dituzte. Azkenik, hilaren 27an izango dute zortzigarren zita. 'Pisten jolasa egingo dugu argazkiekin', aurreratu dute. Hitzordua ludotekan jarri dute.