Juul bozketarekin Euskaraz Biziko bigarren kanpaina amaitu dute Haurtzaro Ikastolan

'Irakurzaletasuna indartu' egitasmoa burutu dute Haurtzaron. /  GOIZARIN
'Irakurzaletasuna indartu' egitasmoa burutu dute Haurtzaron. / GOIZARIN

Ostiralean igaroko den Korrikan parte hartuko dute Haurtzaroko kideek; Korrika Ttikiak eta Gazte Korrikak ere ez dute huts egingo ostiralean

GOIZARIN OIARTZUN.

Haurtzaro Ikastolan pasa den astean amaiera eman zioten aurtengo Euskaraz Biziko 2. Kanpainari. Irakurmen zaletasuna indartzea izan du helburu lau astez luzatu den kanpainak. «Martxoaren 11n hasi ginen haur eta gazteengan irakurzaletasuna suspertzen eta sustatzen», zehaztu du Lupe Mendigutxiak, Euskaraz Bizi proiektuko arduradunak. «Eta Juul bozketarekin eman diogu amaiera, ikasleek gustukoen dituzten liburuak aukeratuz».

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza mailetako ikasleentzat antolatu den ekimen honetan, euskarazko literaturarekin gozatzeko beste aukera bat eskaini nahi izan dute, gaineratu du Mendigutxiak.

Horretaz gain, kanpainaren barruan beste ekintza ugari burutu dira ikastolan, hala nola: JUUL kanpaina; Antton eta Joxe Leon Kazabonen poesia eta musika emanaldia; Jokin Mitxelenarekin ilustrazio tailerra; literatura testuak konpartitzea; ipuin kontaketak; laburpen tentagarriak idaztea; liburu markatzaileak egitea; Korrika Ttikiren giroketa...

Egitasmoa, euskararen alde ikasturtean zehar egin den plangintzaren barruan kokatzen da.

Korrika 21, #Klika

Bestalde, datorren ostiralean Korrika Oiartzundik igaroko da eta Haurtzaroko kideek dena prest daukate. Goizean Korrika Gaztea ospatuko dute, DBHko ikasleekin batera; arratsaldean, berriz, Korrika Ttikiaren txanda izango da. Ikasleek euren petoak prest dauzkate.