JEXUX LEONET (EH BILDUKO HAUTAGAIA): «Herritarrek lau urtetako lana baloratzen dute»

Alokairu publikoko etxebizitzak edo kultur areto berria, EH Bilduren lan ildo nagusiak datorren legealdirako

GOIZARIN OIARTZUN.

Jexux Leonet Elizegi ez da mitin eta kanpaina zalea, «egunero lanari ematen diot garrantzia». Azken lau urteetan Oiartzungo alkate, balorazio «positiboa» egiten du amaitzear den legegin-tzaldiaz, baina hurrengo urteetarako hainbat proiektu dituztela aitortzen du.

-Oiartzuarren erreferente ikusten al duzu zeure burua?

NAN
Jaioterria
Oiartzun.
Ogibidea
Mekanikaria.
Familia
Emazte eta bi seme.
Zaletasuna
Mendia eta baratza.

-Benetan Oiartzunen erreferentea EHBildu da eta bere proiektua. Egia da, orain ere zerrendaburu naizen heinean, eta lau urtez alkate izan naizenez, herritarrentzako ezaguna naizela. Baina, azkenean proiektua da garrantzitsuena, izan ere, proiektua herritarrek osatzen dute.

-Zein balorazio egiten duzue aurreko legegintzaldiaz?

-Orokorrean, balorazio positiboa egiten dut. Egia da nahiko genituzkeen gauza guztiak ezin izan ditugula gauzatu. Lau urte hauetan lan handia egin dugu Oiartzun egituratzen, auzoz auzo bildu gara auzotarrekin eta dituzten beharrei erantzuten saiatu gara. Guretzako herritarren parte-hartzea garrantzitsua da eta neurri handi batean lortu dugu.

-Zeintzuk dira Oiartzungo EH Bilduren lan-ildo nagusiak datorren legealdirako?

-Lehenik gizarte-ongizate zerbitzuen saila indartu eta egituratzea, oiartzuar guztien ongizatea bermatzeko. Horretarako etxez etxeko zerbitzua indartuko dugu eta gizarte zerbitzu bulego berria edukiko du. Kultura arloan, herriak merezi duen kultur aretoa egingo dugu, herriko eragileekin diseinatutakoa. Eraikin berri honetan jubilatuen egoitza ere egingo dugu eta euskalgintza guztia batuko dugu. Arizmendi etxea ere ondare izendatu eta herritarren eskura jarriko dugu. Bestetik, Urkabe-baitako eremuan alokairu publikozko etxebizitzak egingo ditugu. Lehen sektorea eta mugikortasuna ere lehentasunezkoak dira.

-Nola bizitu duzu aurre-kanpaina?

-Badira bi hilabete hauteskundeen zurrunbiloan gabiltzala. Ni, pertsonalki, ez naiz mitin eta kanpaina zalea eta eguneroko lanari ematen diot garrantzia. Azken finean, ulertzen dut herritarrek lau urtetako lana baloratzen dutela eta ez kanpainan egiten den propaganda.

-Zein da gaurko egoera ekonomikoaz duzun iritzia?

-Orokorrean, datu sozioekonomikoek hobera egin dute. Hala ere, kezkatzen nauena langileen lan baldintzak dira. Azkeneko krisialdiak hankaz gora jarri ditu lan hitzarmenak. Gure helburu nagusia da langile guztiek soldata eta lan baldintza duinak izatea. Oiartzunen bigarren sektoreko proiektuen aldeko apustua egiten dugu, balio erantsia duten lanpostuak sortzeko. Beste erronka nagusia emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak ezabatzea da lan munduan ere. Ekonomikoki herri honek aurrera egingo du herritarren arteko desberdintasunak desagertzen direnean.