Jakoba Errekondo agronomista eta paisajista Laboren

GOIZARIN OIARTZUN.

Datorren ostiralean, hilak 10, luxuzko gonbidatua ekarriko du Oiartzungo Labore elkarteak Ugaldetxora: Jakoba Errekondo agronomista eta paisajista usurbildarra, hain zuzen ere.

Errekondo ezaguna da hainbat hedabidetan landare gaien inguruan parte hartzeagatik: Argia aldizkarian, Euskadi Irratiko 'Landaberri' saioan, eta www.bizibaratzea.eus webgunean. Elhuyar Zientzia Aldizkarian ere kolaboratzaile gisa aritu da. Urte luzez Landa Garapeneko herri txikien biziberritze proiektuetan jardun du teknikari gisa, baita proiektuak sortzen, diseinatzen eta zuzentzen ere.

Hitzaldia arratsaldeko 17:30ean hasiko da eta ordu erdi inguruz kalitatezko elikaduraren inguruan jardungo du Errekondok. Horren ondoren, ordu eta erdiko solasaldi irekia zein galderetarako tartea izango da. Gonbidapena luzatuta dago.

Labore kontsumo kooperatiba 2017ko martxoaren 25ean inauguratu zen eta denda bat dauka Ugaldetxo auzoan (Karla Lekuona futbol zelaiaren aldamenean) eta bertan kalitatezko bertako produktuak eta produktu ekologikoak erosi ahal dira, prezio justuan. Labore dendak bereziki zaintzen du produktuen prezioa: ekoizleentzat justua eta erosleentzat arrazoizkoa: ekoizleentzat justua eta erosleentzat arrazoizkoa.