Izeba Proiektua ezagutzeko batzar informatiboa egingo da Oiartzunen

Egitasmoaren kartela. / DV
Egitasmoaren kartela. / DV

GARAÑO OIARTZUN.

Datorrena steartean, hilaren 13an, 'Izeba' egitasmoaren aurkezpen bilera informatiboa egingo dute udal pleno aretoan. Erabat irekia izango da eta arratsaldeko 18:30ean hasiko da. Proiektu honen ardatza Diputazioaren tutoretzapean dauden adingabeen izeba-osaba bezala jokatzea onartzen duten pertsona eta familia boluntarioen sare bat sortzea da.

2009. urtean Izeba proiektua abiarazi zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker. Proiektu honen ardatza Gipuzkoan hainbat arrazoi direla medio jatorrizko familiengandik bereiztuta bizi diren eta Diputazioaren babespean dauden adingabeen izeba/osaba bezala aritzea onartzen duten familien edo pertsonen sarea sortzea da. Bere helburu nagusia tutelapeko adingabeen bizitza kalitatea hobetzen laguntzea da, euskarria, afektibitatea, babesa eta harreman sozial hurbilen hedapena emango dien erreferentziazko familia bat eskainiz.

Abiarazi zenetik 150 pertsona edo familia boluntario igaro dira esperientzia honetatik. Egun 130 dira GFAren tutelapean dauden (edo harremana hastean hala zeuden) adingabeekin lotura duten pertsona edo familia boluntarioak. Hau da, ahultasun egoeran dauden 130 ume, nerabe edo gaztek dute pertsona edo familia boluntario baten sostengua.

Oarsoaldean, hainbat harrera etxe daude eta hauetan, Izeba Proiektuaren bitartez, bertako familia batekin harreman bat hasi eta beraiekin aisialdia konpartitu dezaketen hainbat haur eta nerabe bizi dira. Hori dela eta, pertsona edo familia boluntarioak behar dira hauen osaba-izeba gisa jokatzeko.

Pertsona edo familia boluntario hauen eginkizuna ikasketak direla-eta, adibidez, gurasoengandik urruti bizi den iloba batengandik hurbil bizi den osaba/izeba batenaren antzekoa da. Eginkizun hori gauzatzeko ekintza zehatzak, besteak beste, hauek izan daitezke: adingabea astean behin etxera bazkaltzera edo ibilaldi bat egitera gonbidatu, aldizka telefonoz deitu, gai pertsonaletan, ikasketetan edo hizkuntza ikasten lagundu, erosketak egitera berarekin joan, bere adineko beste gazte batzuekin harremanetan jarri, ekintza kulturalak, kirol-ekintzak edo aisialdiko planak proposatu, etab.

Proiektu hau garatzeko pertsona edo familia boluntarioen izen-ematea beharrezkoa da. Helburu honekin, Baketik fundazioak eta Abaraxka udal ludotekak, batzar informatibo bat antolatu du asteartean, arratsaldeko 18:30ean udal pleno aretoan. Bertan, herriko harrera egoitza eta Izeba Proiektuko kideak programa aurkeztuko dute.

Informazio gehiago edo harremanetarako lau modu eman dituzte antolatzaileek: 943 25 10 05 telefono zenbakia, izeba@izeba.org helbidea, www.baketik.org web orria eta www.facebook.com/izebaproiektua facebokeko orrialdea.

Nondik norakoak

Izeba Proiektua Baketik Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuak 2009an sinatutako eta ordutik urtero berritu izan den hitzarmen baten bidez jarri zen abian. Proiektu horren ardatza tutoretzapean dauden adingabeen 'osaba-izeba' izateko prest dauden pertsona edo familia boluntarioen sarea sortzea da.

Harrerako osaba-izeben edo laguntza-familien irudi berri hori eratuz bilatzen den helburu orokorra gazte horiek bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Izeba Proiektuaren berariazko helburu nagusia adingabeko horiei familiarteko erreferentziak ematea (euskarria, maitasuna, babesa eta gertuko harreman sozialak zabaltzeko aukera eskaintzea), hala nola eredu personal edo familiarrak eskeintzea.

Horrela, bizi diren Harrera Egoitzaz gain, adingabeko horiek erreferentziazko familia bat izango dute iloba bati eskaintzen zaion hurbileko tratua emateko prest. Familia horien zeregina honakoa izango da: gurasoengandik urruti dagoen ilobarengatik, ikasketak direla-eta esaterako, hurbil dagoen osabaizebak egingo lukeena. Laguntza-familien sare horrek txosten bat izango du gida gisa, aholkularitza-zerbitzua eta beren lana babesteko laguntza-dieta bat. Aholkularitza-zerbitzua familia bakoitzarekin harremanetan dago beren lana bideratzeko sor daitezkeen egoera desberdinetan eta harrerako osaba-izeben familientzat formaziotopaketak antolatzen ditu aldiro. Programa honen helburu gehigarria adingabeko horienganako gizartearen begirada humanizatuagoa lantzen laguntzea da, beren errealitatearekiko hurbiltasun- eta enpatia-ikuspegia gehituz eta elkartasunaren eta senidetzearen kontzientzia soziala bultzatuz. Beldurrari, aurreiritziei eta etiketa kolektiboei indarra kentzen saiatzea izango litzateke egitasmoaren beste helburu gehigarria. Hala-nola, neska-mutiko horienganako giza sentsibilitatearen indarra garatzea da kontua, geure seme-alabak izan litezkeela barneratuz.

Madalensoroko aparkalekua

Madalensoroko alokairuzko aparkalekuen onartutako zerrenda argitaratu da. Erreklamazioak azaroaren 13a arte egin daitezke. Zerrenda www.oiartzun.eus-eko Kontratatzailearen profilean daude, azterketan/esleitzeko daudenak atalean.

Iruña Veleia hizpide

'Iruña-Veleia gezurra ala egia?' izenburupean hitzaldia izango da bihar arratsaldeko 19:30ean liburutegiko ikasle gelan. Bertan, Juan Martin Elexpuruk, Iruña-Veleiaz eta bertan gertatu zenaz hitz egingo du. Antolatzailea Oihartzuk Guk da eta euskaraldiarekin bat egiteko helburuarekin antolatu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos