Iturriozko Santiyuak martxa ederrean

Gustora ibili ziren haurrak aparrarekin jolasea. Auzotarrek bokadillo goxoak jan zituzten eta haurrek izan zuten non jolastu. /  GARAÑO
Gustora ibili ziren haurrak aparrarekin jolasea. Auzotarrek bokadillo goxoak jan zituzten eta haurrek izan zuten non jolastu. / GARAÑO

Bizikleta martxa, idi dema, sagardo lehiaketa, bertsolariak eta kontzertuak, gaur

GARAÑO OIARTZUN.

Atzo jarraitu zuten jaiekin iturrioztarrek eta hamaika ekintza izan ziren. Arratsaldeko 17:00etan haur jolasak izan ziren txikien gozamenerako. Ondoren, ur festa egin zuten eta bukatzeko apar festa. Bertaratu ziren haurrek ederki pasa zuten. 19:00etan pintxo-potea izan zen kantinan eta Gure Txokon. 20:00etan euskal preso eta iheslari politikoen aldeko enkartelada egin zen.

Gauaz gozatzen jarraitu nahi zutenek, bokadiloak afaldu zituzten Beheko Soroan eta afalostean, 'Bocabits Comedia' antzerkia izan zen oholtza gainean. Bestalde, Truk txapelketa ere izan zen Iturri-Berri elkartean. Bikote askok eman zuten izena baina erredakzioa jada itxita zegoen irabazleak jakin aurretik. Irabazleek txapela, mariskada ederra eta arkume bat eraman zuten etxera. Bigarrenek, berriz, arkume bat eta langostino kaxa bat.

Gaur egun biribila izango dute. Goizean goizetik, bizikleta martxa eta idi-dema izango dira. Eta arratsaldean, berriz, haur tailerrak lehenik, eta sagardo dastaketa, ondoren. Ea zein den aurtengo auzoko sagardogilerik onena.

Sagardo lehiaketa Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariek girotuko dute. Horren ostean, kontzertu mundialak antolatu dituzte goizeko ordu txikiak arte: Azalera, Itziarren Semeak, Bad Sound System eta DJ Elizkoiak.

Festa Batzordeak ohartarazi duenez, akanpatzeko aukera egongo da Torre etxeko atzeko zelaian. Beraz, nahi duenak kanpin denda jarri dezake bertan. Parranda pixka bat nahi duenak, aukera ederra du Iturriotzen.

Trafiko aldaketak

Asteburu osoan eta hilaren 31a arte, Bidezarra kalea oinezkoentzako izango da eta Xorrolak bere auzoko geltokia aldatuko du. Hain zuzen ere, biribilgunean geratuko da.

Autoekin ibili nahi izanez gero, Zirauki kalea erabili beharko dute Ozentzio eta Argiñene kaleko bizilagunek. Bengoetxea plazako garajeetara sartzeko, aldiz, Bidezarran kontrako norabidetik sartu beharko dute.

Udal langileek errespetatzeko eskatu dute, auzoa jaietan baitago eta arriskutsua izan daitekeelako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos