Ate irekiak Abaraxka udal ludotekan

Abaraxkaren hasiera festa urriaren 5ean ospatuko dute. / GOIZARIN
Abaraxkaren hasiera festa urriaren 5ean ospatuko dute. / GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Ikasturte berriarekin batera Abaraxka udal ludotekak bere ateak zabalduko ditu berriz ere. Urrian, hamabost egunez ateak irekiak izango ditu udal ludotekak, eskainiko dituen zerbitzuak aurkezteko eta haurrek eta gurasoek ludotekaren tokia ezagutzeko. Zerbitzu hau Lehen Hezkuntzan dauden haurrentzako izaten da, asteartetik ostiralera, 16:30etik 19:30era. Matrikula dohainik izango da baina izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, fitxa bete eta karnet tamainako bi argazki behar dira.

Aurten ere, Haur Hezkuntzako haur eta gurasoen txokoa izango da Abaraxka: Familia Eremua. Astelehenetan haurrek euren familiako kideekin jolasteko irekiko ditu ateak udal ludotekak. Familia Eremuaren kasuan ere, astelehenetan zerbitzua erabili ahal izateko izena eman beharko da, dohainik. Haurrez gain, berarekin jolastera Abaraxkara joango diren helduek ere izena eman beharko dute.

Heziketa du oinarri Abaraxka udal ludotekak. «Ludoteka hezitzailea da gurea, jolasaren bitartez hezitzen ditugu haurrak. Haiei entzun, kalera atera, herrian parte hartu, jolas librea egin... horixe da gure egunerokoa», adierazi du Nekane Martiarena arduradunak. «Haur herritarrak nahi ditugu, parte hartzaileak, kritikoak, feministak», gaineratu du. «Noski, hau dena euskaraz». Era berean, egun seinalatuetan ospakizunetan murgiltzen dira: Gau beltza, Euskararen Eguna eta Ihoteak. Era berean, herriko eragileekin ere parte hartzen dute, hala nola Soinuenea-Herri Musika Txokoa, Erraldoien Konpartsa, Torri Gukin... Aurten gainera, hilabetean behin Kantuz Abaraxkan jarriko dute martxan, Soinuenea fundazioarekin elkarlaguntzan.

Haurrentzako asteburutako aisialdi eskaintza ere martxan jarriko da urritik aurrera: Abaraxka Ibiltaria. Saioak arratsaldez izango dira, dinamizatzaileekin. Lehendabiziko saioan, urriak 5, hasiera festa ospatuko dute arratsaldeko 16:30etik aurrera Kontzejupe plazan. Informazio gehiago www.gazteoiartzun.net helbidean.