Ireki da Oarsoaldeko AEKn matrikulatzeko epea

GARAÑO OIARTZUN.

Ostiralean Oarsoaldeko AEK osatzen duten irakasle eta arduradunak elkartu ziren Oiartzungo Doneztebe plazan, Intxixu AEK euskaltegiaren parean, matrikulazio kanpainaren berri emateko.

Euskara ikasi eta landu nahi dutenei zuzendu ziren oraingoan, edonon egonik ere, bertatik bertara AEK-ko euskaltegi bat topatuko dutela esanez. Izan ere, 100 euskaltegi baino gehiago daude, Euskal Herri osoan. Oarsoaldean hain zuzen ere, 4 euskaltegi daude: Oreretan, Pasai Antxon, Lezon eta Oiartzunen. 'Zu hemen zaude, AEK ere bai' lemapean aurkeztu zuten aurtengo ikasturtea.

Norberak hurbilen duen euskaltegia bilatzeko deia egin zuten eta urtero egiten duten moduan, euskara praktikoa irakatsi eta lantzeko aukera eskaintzen dutela gogorarazi zuten. Euskara ikastearen hainbat abantaila aipatu zituzten: Etxeko eta inguruko harreman sareetan euskaraz bizitzea, lan-egoera hobetzea, euskara-maila hobeagoa eskuratzea... Oarsoaldeko AEK horretarako eta gehiagorako prest dago aurtengo ikasturtean. Eskaintza zabala aurkeztu zuten ostiralean, hala nola, eskolak euskaltegian, autoikaskuntza, merkatarientzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mailak egiaztatzeko ikastaroak, erabilera areagotzeko jarduerak, mintzalaguna egitasmoak, AIZU! Aldizkaria... Gainera, erabileran oinarritutako metodologia erabiltzen dutela azaldu zuten. Hau da. Euskara ikasi edota hobetzeaz gain eta mailak egiaztatzeaz gain, egunerokoan euskararen erabilera areagotzea lortuko dute ikasleek. Izan ere AEKren helburu nagusia euskararen erabilpena sustatzea da, euskaraz bizitzea, azken batean.

Oiartzuarrentzat abantailak

Oiartzungo Udalak eskaintzen duen beka sistemari esker errazagoa da euskara ikastea. Izan ere, beka sistema honen bidez, Oiar-tzunen erroldatua dagoen eta asistentzia ona duen ikasleari matrikularen %50a aurreratuko dio Udalak eta bestelako baldintzarik beteko balu, hau da, langabetua, gurasoa, ikaslea... izatea %20 gehiago itzuliko dio ikasturte bukaeran.

Irailaren bukaerara arte egongo da Oarsoaldeko AEK euskaltegietan izena emateko aukera. Oiartzunen Fermiñene etxeko 2. solairuan egin daiteke matrikula edo 607534263 eta 943 493957 telefonoetan. Bulegoko ordutegia honakoa da: Goizez egunero 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara.

Informazio gehiago nahi izanez gero, telefonoz, bertan edo online (oiartzun@aek.eus), zalantza guztiak argitzeko prest agertu dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos