Inude eta Artzainak kontzejupean

Emanaldi ederra eskaini zuten dantzariek. ./GOIZARIN
Emanaldi ederra eskaini zuten dantzariek. . / GOIZARIN

Euria eginagatik, kolorez, musikaz eta dantzaz jantzi zuen herria pertsonaia ezberdinez osaturiko konpartsak

GOIZARIN OIARTZUN.

Eguraldia lagun ez izanagatik, Inude eta Artzainen festa ospatu zen atzo Oiartzunen. Udaletxeko kontzejupean elkartu zen konpartsa, Haurtzaro ikastolako eta Elizalde eskolako dantzariek osatuta; horiekin batera pertsonaia ezberdinak, danborrada, dultzaineroak, Oiartzungo erraldoien konpartsa, Flauta Taldeko kideak... Eta hantxe gauzatu zen festa osoa.

Larunbatean hasi zen festa, dena dela. Goizean, Izaro Apezetxeari eta Ibai Mitxelenari Inude eta Artzain Nagusien ohorezko bandak ezarri zizkieten iazko artzain eta inude nagusiek udal areto nagusian. Bien bitartean, plazan haur jolasak izan ziren, Abaraxkako ludotekako kideekin. Hantxe elkartu zirenei oparitxoak ere banatu zizkieten. Arratsaldean, berriz, Hungariako kaldereroen konpartsak bisitatu zuen herria. Desfilea Elizalde auzoko kaleetan barrena ibili zen eta ijitoen ezkontza ere ospatu zuten. The Belates taldearen kontzertua izan zen amaieran.

Atzo, goizeko 9:00etan txistulariek eta Auntxa taldekoek eskainitako dianarekin hasi zen eguna. Gero, Inudeen eta Artzainen konpartsaren txanda izan zen. Hogeita batgarren edizioa ere ederra izan da. Konpartsan ez zen inor falta: herriko lau erraldoiak, Haurtzaro ikastolako eta Elizalde Herri eskolako dan-tzariak, danborradako kideak, garai bateko pertsonaiak zein baino zein apainago. Ederki luzitu zituzten euren jantziak herriko Kontzejupean.

Hantxe bizitu zen unerik politena. Bilduta zegoen jendetzaren aurrean haurtxoen txertaketa eta dan-tzarik politenak eskaini baitzituzten. Erraldoien konpartsak ere dantzan badakiela ederki erakutsi zuen. Alaitasuna eta giro ederra batu ziren bertan. Lau erraldoien dantzen amaieran hartu zuten protagonismoa Inude eta Artzain Nagusiek. Gora Oiartzun! deiadarrarekin amaitu zuten.